Natalia Arroyo “baikor” agertu zen bere jokalarien lanarekin, atzo Meridan jokatu zen Superkopako finalean FC Bartzelonaren aurka galdu arren. Prestatzaile txuri-urdinaren hitzetan, blaugranengandik “lehiarako garaian hurbil” dabiltzala baieztatzeko baliagarri izango omen zaie.

Garaipena nahi genuen eta aldagela ez dago pozik. Hori aparte utzita, eta behin jakitun izanik partida ezin duzula irabazi, garrantzitsua da maila altuan aritu garela esan ahal izatea. Barça zen faborito nagusia, baina gure futbol proposamenetik abiatuta, eurengandik gertu gaudela sentitzeko moduan gaude”, adierazi zuen partidaren ondorengo prentsaurrekoan.

Gainera, atzoko norgehiagoka hazten jarraitzeko “pizgarritzat” hartu behar dutela esan zuen Arroyok. “Hurbil ibili gara, baloia ere izan dugu, eta presioa eginda euren bila joan gara… Oshoalaren azken haspereneko golarekin distantzia handiagoa dagoela eman arren. Baikor gaude gero eta hurbilago gaudelako, horrek pizgarri izan behar du. Bide horri eutsi behar diogu, eta ea Superkopa honetan Realak erakutsi duen mailako bigarren itzulia egiteko gauza izaten garen”, esan zuen.

Meridako partidari dagokionean, ordu laurdena betetzerako Aitanak sartutako lehen golak min handia egin ziela aitortu zuen talde donostiarraren entrenatzaileak. “Lehen gola sartzeko sortu behar izaten duten jokorik erakutsi gabe aurreratzea zigor handiegia izan da gure-tzat. Aitanak jaurtiketa horrekin asmatu izanak baldintzatu egin du pixka bat norgehiagoka, sortu ahal izan dizkiegun deserosotasunak markagailuko larritasunik gabe gainditzeko aukera eman baitie”, adierazi zuen.

Atsedenaldiaren ondoren ere, bigarren zatiko lehen aukeran asmatzeko gauza izan ziren. Hortik aurrera, ez da batere erraza partidan lehiakor izatea hainbeste arrisku hartuta. Beraiek nekatuta zeuden, baina Barçari irabazteko egin behar den guztia egitekotan, oso fresko egon behar da. Zorionik beroenak jokalariei, ahal izan dugun guztia egin dugu arerioarengandik gertu izateko”, esan zuen amaitzeko.