Natalia Arroyok argi utzi nahi izan zuen atzo, partidaren agertokian bertan, Realak ahalegin guztiak egingo dituela kanporaketa gainditu eta Txapeldunen Ligako multzoen fasera sartzeko, nahiz eta Munichera kontrako emaitzarekin joan. “Ez gara hona etorri soilik argazkia ateratzera. Gauza asko ondo egin genituela badakigu, asmatu ez arren gola sartzeko aukerak izan genituela. Ez zaigu komeni, gero pagatu beharreko antsietate gehiegirekin jokatzea”.

Kataluniako entrenatzaileak argi adierazi nahi izan zuen taldeak Bayern gainditzeko itxaropen benetakoa duela: “Partida ona jokatu izanak eta Europako debutean eskainitako mailak konfiantza indartu digu. Orain 90 edo 120 minutuetan topera egon behar dugu. Taldeak badu partida honetan lehiatzeko ezinbestekoa izango den gosea”.

Arroyok ez du, ordea, bere jokalariak presaka aritzerik nahi: “Gol bat behar dugu. Eta behin hori lortuz gero, ea beste bat sartzeko gauza izaten garen. Pausoz pauso joan behar dugu, presarik gabe. Ez dugu bi gol sartzearekin itsutu behar. Eta ea eurek ez dute sortzen beldurra eragingo diguten aukerarik”.

Nerea eizagirre, baikor

Kapitain txuri-urdinak prentsaurreko ofizialean adierazi zuenez, “eurek ere badakite zein talderen aurka lehiatu behar duten. Ez dute baloia hainbeste eduki nahiko, eta hasiera batean guk izango dugu. Beraz, gure aukerak baliatzen saiatu behar dugu, eta haienak murriztu, ahalik eta gutxien izan ditzaten”.

Tolosarrak argi esan zuen: “Errespetu handia digute. Iritsi bezain pronto konturatu gara. Txapelketa honen final laurdenetan eta finalaurrekoetan aritutakoak dira. Badakite, ordea, ondo jokatzeko gauza garela, eta ez dira lasai egongo. Markagailua alde izatea abantaila da, noski, baina kanporaketa gainditzekotan gogor lehiatu beharko dute”.

Aurkariari buruz ere jardun zuen jokalari gipuzkoarrak: “Bayern Munich Alemaniako talderik indartsuena da Wolfsburgorekin batera. Instalazio bikainak dituzte, eta ikusi ahal izan dugunez, jokatuko dugun zelaia ere primeran dago”.