ero eta gehiago dira Lanbide Heziketaren alde egiten duten ikasleak. Bi urteko epean titulua eskuratzeko aukera izatea eta, batez ere, lan munduan sartzeko erraztasunak dira Lanbide Heziketaren indar-gune nagusiak. Izan ere, 2021. urtean, Euskadin ikasketak bukatu dituzten hamar gradudunetik zazpi lanean hasi dira ikasketak bukatu bezain laster. Beste alderdi positibo bat bere ikasketa-eskain-tza da, izan ere, urtetik urtera gero eta zabalagoa baita. Testuinguru horretan, Lanbide Heziketako azokak benetan baliagarriak dira zalan-tzan dauden ikasleentzat. Martxoan eta apirilean, esate baterako, Abian eta Goiaz! azokak antolatu dira, Debabarrenan eta Debagoienan, eta bertara ehunka ikasle hurbildu dira.

Debabarrenako 700 ikasle

Debabarrenako Abian azoka, esate baterako, martxoaren 22tik 24ra ospatu zen, Eibarren. Aurtengoan Armeria Eskola, IMH Campus-Lanbide Heziketa, Meka Lanbide Eskola, Uni Eibar-Ermua, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Eibarko Oinarrizko LH eta Ermua-Mallabiko Oinarrizko LH ikastetxeek hartu dute parte eta guztira DBH eta Batxilergoko 700 ikasle bertaratu dira.

Abian bi urtetik behin egiten da eta aurtengoa bosgarren edizioa izan da. Antolatzaileen esanetan, "azokaren helburua Lanbide Heziketa sustatzea eta Debabarrenako kalitatezko prestakuntza-eskaintza zabala ezagutaraztea da. Era berean, azokak lagundu nahi du inguruko enpresek beren beharretara egokitutako ezagutza eta gaitasun tekniko-teknologikoak dituzten pertsonak topatzea".

Azoka Debabarrenako zortzi udalek, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziarekin elkarlanean, eta eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera antolatzen dute.

Aurten bai, azoka presentziala

Debagoienan, berriz, Goiaz! azoka egin da duela aste batzuk. 14. edizioa apirilaren 6 eta 7an ospatu zen, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, eta bi urteko etenaldiaren ondoren, aurtengoa presentziala izan da. "Goiaz! azokaren helburu nagusia da prestakuntzaren garrantzia azpimarratzea, Lanbide Heziketa ezagutzera ematea eta lan-merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea; bereziki gazteei, baina baita langile, guraso eta orokorrean herritarrei ere. Estandak bisitatzeko eta zalan-tzak argitzeko aukera paregabea izan da. Eskualdeko formazio eskaintza eta bereziki, Lanbide Heziketa ezagutzeko aukera izan da bertan", adierazi dute Goiaz!-eko arduradunek.

Bertan Debagoieneko Lanbide Heziketako ikastetxeek parte hartu dute; baita Bastida Akademiak, HHI-EPAk, Bizikasik, Lanekik, Mankomunitateak eta udalek ere beren informazio-mahaiak izan dituzte. Aurtengo ekitaldiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek: "Egunero, gutxienez, 160 ikasle hurbildu dira. Lanbide Heziketako ikastetxeak, baita ikasle eta irakasleak ere gogotsu etorri dira; informazioa eman, jaso eta galderak egiteko prest. Badirudi, Lanbide Heziketa geroz eta gehiago hartzen dela kontuan. Gurasoentzat ere urtero antolatu ohi dugu hitzaldi bat eta aurten 40 lagun baino gehiago hurbildu dira", azadu dute.

Goiaz! Lanbide Heziketaren Azoka Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak antolatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntzarekin.

Gero eta neska gehiago

Lanbide Heziketan emakumeen presen-tziak eskasa izaten jarraitzen badu ere (Euskadin ikasleen %28 dira), joera hori, ordea, pixkanaka aldatuz doa, eta poliki bada ere, portzentaia handituz doa. Horixe da Eneritz Iraetaren kasua, zeina Lanbide Heziketaren alde egindako apustuarekin benetan gustura dagoen. 33 urte ditu, Soraluzekoa da eta Elgoibarko IMH ikastetxean Proiektu Mekanikoen Garapena izeneko zikloa ikasi zuen.

"Oso gustora ibiltzen nintzen, ikasitako materia guztiak baliagarriak eta interesgarriak iruditu zitzaizkidan. LH ikastea erabaki nuen ikasketak bi urteko iraupena dutelako eta lan mundura oso enfokatuta daudelako, izan ere, teoriaz aparte, enpresan praktikak egiteko aukera baituzu. AVS enpresan praktikak egin ondoren, bertan lanean hasteko aukera izan nuen, eta 13 urte daramatzat bertan lanean. Pixkanaka ardura gehiago hartzen joan naiz, eta batez ere arlo teknikoan interesatuta dauden neskak animatu nahi ditut irteera asko dauzkalako. Zorionez, gero eta gehiago gara", azaldu du gazteak.