Puedes acceder a toda la información del encuentro Biharko enpresa.
Puntako soluzioak eta dibertsifikazioa, etorkizuneko erronkei behar moduan heltzeko
Fagor Taldeko zortzi kooperatibek merkatuko behar berriei erantzuteko egiten duten ekarpenak erreferente bilakatu du Fagor hainbat sektoretan
Gaurko eta etorkizuneko erronkak erdigunean, berrikuntzaren aldeko apustu irmoarekin ari dira Fagor Taldeko zortzi kooperatibak. Bide horretan, nork bere sektoretik (automozioa, makina erreminta, ostalaritza eta sukaldaritza, aeronautika, etxetresnen osagaiak, eguzki energia...), ekarpen bat ari da egiten merkatuko behar berriei gura moduko erantzuna emateko. Jarrera horrek erreferente bilakatu du Fagor hainbat sektoretan.
Gainera, nagusi duen sektorera mugatu barik, urteetan pilaturiko esperientzia beste sektore batzuetara zabaltzeko hautua du egina. Hori da, esaterako, Fagor Automation kooperatibaren kasua. Ardatzen zehaztasun handiko neurketetan eta kontrolean espezializaturik dagoen enpresak -zehaztasun hori funtsezkoa da industria sistema aurreratuetan- nagusiki makina-erremintaren sektorean badihardu ere, azken urteetan exijentzia handiko sektore berrietara egin du jauzi, hala nola, erdieroaleenera, metrologia aurreratuarenera edo zientziarenera.
“Dibertsifikazio estrategiari esker, Fagor Automationek beste sektore batzuetara zabaldu ditzake haren gaitasun teknikoak. Gainera, balio bereizgarri bat eskaini dezake kasu askotan. Finean, neurketa eta kontrolaren inguruko ezagutzak sektore askotan dira baliagarri“, azaldu du Javier Arenas Lopez Fagor Aotekeko zuzendariak. Fagor Automationen berrikuntza zentroa da Fagor Aotek, eta, oro har, oso lagungarri zaio berrikuntzan sakondu eta puntako soluzioak eskaintzeko.
“Dibertsifikazio estrategiari esker, Fagor Automationek beste sektore batzuetara zabaldu ditzake haren gaitasun teknikoak”
“Derrigor dago berritu beharra. Lehiakortasun handiko merkatuetan ari da Fagor Automation, eta, horietan, abiadura handian doaz berrikuntza teknologikoak, beraz, posizioa mantentzeko, puntako soluzioak eskaini beharra dago etengabe. Bide horretan, oso lagungarri da berrikuntza zentro propio bat izatea, baita bestelako zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin elkarlaneko jardutea ere”, aitortu du Arenasek.
Oro har, produktu gama osoa eskaintzen du Fagor Automationek, zehaztasun handiko neurketa sistemetatik makinen kontrol numerikora (CNC) artekoa. Zeregin horretan, egunerokoa du puntako teknologiak eskaintzeko lana: “Erritmo bizian ari dira teknologia berriak agertzen. Horiek gure produktuetara ekartzea eta soluzio errealak eskaintzea dagokigu, gure bezeroei balio erantsia eskaintzen jarraitzeko. Ez da soilik ikertzea, berrikuntza, merkatura modu eraginkorrean eroatea baizik. Besteren artean, teknologia produktu bilakatzeko duen gaitasun hori da Fagor Automation beste lehiakide asko baino lehiakorrago bilakatzen duena”.
Fagorren kasuan, oso lagungarri da berrikuntza zentro propio bat izatea, baita bestelako zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin elkarlaneko jardutea ere
Negozio berria
Askotarikoak dira Fagor Automationek berrikuntzaren alde egina duen apustua berresten duten ekinbideak. Horien artean da Smart Encoder Systems negozioaren sorrera. Zehatz esanda, zehatzagoa, errepikakorragoa eta trinkoagoa den posizio-sentsoreen belaunaldi berri baten garapenarekin ari da kooperatiba. Horri esker, esangura handiko jauzi teknologikoa eman du, eta aukera berriak zabaldu zaizkio lehen presentziarik ez zuen merkatuetan.
“Smart Encoder Systems negozio berriaren bidez, zehaztasun handiagoko soluzioak, trinkoagoak eta aplikazio desberdinetara egoki daitezkeenak, dituzte bezeroek. Fagor Automationek puntako teknologiak eskaintzeko egiten duen apustuaren, moldagarritasunaren, eta, oro har, erronka berriei behar moduko erantzuna emateko duen gaitasunaren adibide da”, esan du Fagor Aotekeko zuzendariak.
Merkatuen bilakaera
Digitalizazioa, adimen artifiziala eta zibersegurtasun industrialak aldaketa esanguratsuak eragin dituzte sektore askotan. Besteren artean, konektibitate handiagoa, denbora errealeko datuak, mantentze prediktiboa eta makina adimentsuagoak eskatzen dituzte bezeroek, eta gero eta zorrotzagoak dira kalitate- eta doitasun-estandarrak. Gainera, osagai solteetako espezializaziora mugatu barik, soluzio osoak eskaini beharra dago gaur egun. Horrek guztiak, egokitu beharra dakarkie enpresei. Horretarako teknologiak barnebiltzen dituzte Fagor Automationen produktuek.
Profil berriak
Etenik gabe berritu beharrak eta merkatuko eskakizun berriek badakarte beste erronka bat: zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren edota matematikaren alorreko ikasketak dituzten gazteak erakarri beharra. Bide horretan, lan aukera zabal eta emankor bat eskaintzen du Fagorrek. “Egitasmo indartsu baten parte izateko aukera dago, eta erronka errealak edota berrikuntza proiektu aurreratuak eskaintzen dira. Oro har, diziplina anitzeko lan giro kolaboratibo bat sustatzen da, zeinak aukera eskaintzen duen elkarrengandik ikasteko”, azaldu du Arenasek.
Fagorrek badu beste bereizgarri bat: kooperatiba izaera, eta, oro har, kooperatibagintzan duen ibilbidea
Eta Fagorrek badu beste bereizgarri bat: kooperatiba izaera, eta, oro har, kooperatibagintzan duen ibilbidea. Esan barik doa Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren aitzindari dela, horrek dakarren guztiarekin. Oro har, enpresek ohiko dituzten balioetatik harago, eredu berdinzaleagoa, euskaraz lan egiteko aukera, gizarteren eta lurraldearen ongizatearen alde jardutea, erabakietan parte hartzea, epe luzeko proiektu baten parte izatea… eskaintzen du Fagorrek.
Temas
Más en Economía
-
La plantilla de Astilleros Balenciaga rechaza la oferta del inversor árabe
-
Von der Leyen comunica a los líderes europeos que la firma del acuerdo con Mercosur se pospone a enero
-
Jainaga augura un “futuro espectacular” para Talgo, que será una “referencia mundial”
-
El BCE no mueve ficha por Navidad y deja los tipos de interés en el 2%
