Síguenos en redes sociales:

Biharko enpresa

“Gipuzkoa lurralde txikia izanik, indarrak neurtu eta alor estrategikoen aldeko apustu sendoa egin behar dugu”

“Gipuzkoa lurralde txikia izanik, indarrak neurtu eta alor estrategikoen aldeko apustu sendoa egin behar dugu”Ruben Plaza

Gipuzkoako enpresek testuinguru ekonomiko eta sozial konplexuari egin behar diote aurre: digitalizazioaren erronka, berrikuntza teknologikoaren abiadura, belaunaldi-erreleboa gauzatzeko zailtasunak edo talentuaren erakarpena, besteak beste. Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 31 milioi euroko laguntza plana jarri zuen martxan urte honen hasieran, lurraldeko enpresen lehiakortasunari bultzada emateko helburuarekin. Bederatzi hilabete igaro direnean, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoko diputatuak balantze positiboa egiten du, eta argi dauka: lehiakortasunaren gakoa berrikuntzan, digitalizazioan eta pertsonengan dago.

Duela hilabete batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiak 31 milioi euroko laguntza plana jarri zuen abian. Zein izan da plan horren helburua eta zer balantze egiten duzue gaur egun?

Urte honen hasieran jarri genuen martxan plana, eta hasieratik oso ikuspegi zabala izan nahi genuen. Ez genuen arlo bakar batean arreta jarri nahi, baizik eta enpresen ibilbide osoan. Helburuak anitzak izan dira: enpresa berrien sorrera ahalbidetzea, sortu ondoren sendotze-prozesuan laguntzea, eta hazkundea erraztea, nazioartekotzea, dibertsifikazioa eta berrikuntza sustatuz. Bederatzi hilabete igaro dira, eta datuak ikusita, balantzea oso positiboa da.

“Argi esan behar da: digitalizazioari heltzen ez dion enpresak etorkizuna arriskuan jartzen du”

Berrikuntza aipatu duzu. Nola ikusten duzu Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen (ETE) digitalizazio maila?

Gipuzkoako ETEak balio-kate sendo baten parte dira, eta hori gure indargune nagusietako bat da. Punta-puntako enpresak ditugu, nazioartean erreferenteak direnak, baina horrek ez du esan nahi guztiak maila berean daudenik edo hobetzeko aukerarik ez dagoenik. Egia da azken urteetan digitalizazioaren eta berrikuntzaren inguruan lan handia egin dela, eta aurrerapauso garrantzitsuak eman direla. Hala ere, testuingurua etengabe aldatzen ari da, eta horrek eskatzen du etengabeko egokitzapena. Digitalizazioa ez da helmuga bat, prozesu jarraitu bat baizik.

Zein dira, zure ustez, digitalizazioaren erronka nagusiak enpresa txiki eta ertainentzat?

ETEek erronka asko dituzte aldi berean: eguneroko jarduna, kostuen kudeaketa, langileen beharrak… eta askotan baliabide mugatuak dituzte. Horregatik, batzuetan digitalizazioa bigarren plano batera pasatzeko tentazioa dago. Baina argi esan behar da: digitalizazioari heltzen ez dion enpresak etorkizuna arriskuan jartzen du. Lehiakortasunerako, produktibitatea hobetzeko eta merkatu berrietara iristeko funtsezko tresna da. Gainera, Gipuzkoan badugu ekosistema sendo bat, ez soilik dirulaguntzetan oinarritua, baizik eta aholkularitza, laguntza teknikoa eta laguntza emateko prest dauden eragileak biltzen dituena.

Zehazki, zein programa jarri dituzue martxan Aldunditik digitalizazioan aurrera egiteko?

Azken zortzi urteetan eskualdeetako garapen agentziekin elkarlanean ari gara, ETEentzako digitalizazio-ibilbideak diseinatzen. Helburua da enpresa bakoitzaren egoera aztertzea, erronka nagusiak identifikatzea eta baliabide egokiak eskaintzea. Horrez gain, 2024an BeTEK proiektua jarri genuen martxan, berrikuntza teknologikoa ardatz duena. Proiektu honetan Innobasque, BRTA eta Tknika ari dira elkarlanean, eta helburua da teknologia aurreratuen transferentzia erraztea. Bestalde, digitalizazioak arriskuak ere badakartza, eta horregatik ezinbestekoa da ZIUR zibersegurtasuneko zentroa. 2020an sortu genuen, hasieratik argi izanda industria-enpresen bidelagun izan behar zuela. Zibersegurtasuna lehiakortasun-faktore gisa ulertzen dugu, eta datuek hori berresten dute: sortu zenetik, 200 enpresari aholkularitza eman die eta 28 proiektu gauzatu ditu. Hau lasterketa bat da, eta ezin dugu lo hartu.

“Proiektu batean sinestea ezinbestekoa da, baina horrek bakarrik ez du balio: datuak, azterketa eta planifikazioa behar dira”

Ekintzailetzari dagokionez, zein dira Gipuzkoaren indarguneak?

Ekintzailetzan ere ikuspegi bikoitza dugu. Alde batetik, Txekin eta Emekin programen bidez, ekintzaileei bideragarritasun planak egiten laguntzen diegu. Proiektu batean sinestea ezinbestekoa da, baina horrek bakarrik ez du balio: datuak, azterketa eta planifikazioa behar dira. Bestetik, ekimen berritzaile eta teknologikoei zuzendutako ibilbidea dugu, Txekintek eta Barnetekin programen bidez. Hemen BIC Gipuzkoaren lana azpimarratu nahiko nuke. Miramonen duen haztegia altxor bat da, eta Gipuzkoako erronka estrategikoekin lotutako ekimen ugari biltzen ditu. Ekintzailetza bidaia zirraragarria da, baina baita gogorra ere, eta instituzioen laguntza funtsezkoa da. Horregatik, 31 milioi euroko planetik bi milioi ekintzailetzara eta hamar milioi berrikuntza teknologikora bideratu ditugu.

funtsezkoa da” “Gipuzkoan ekosistema sendo bat dugu, enpresei laguntza emateko prest dauden eragileak biltzen dituena”

Nolakoa da BIC Gipuzkoarekin duzuen elkarlana?

BIC Gipuzkoa Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik sortutako elkarte publikoa da, eta helburu argia du: Gipuzkoan ekintzailetza teknologikoa garatzea. Harremana etengabea eta oso estua da. Gipuzkoa lurralde txikia da, eta horrek behartzen gaitu indarrak ondo neurtzera. Horregatik, estrategikotzat jotzen ditugun alorren aldeko apustua egin behar dugu: mugikortasun berri eta adimentsua, zibersegurtasuna, kuantika, biozientziak… Arlo horietan sortzen diren ekimen ekintzaileak BIC Gipuzkoaren bidez koordinatzen dira.

Zahartze demografikoa eta belaunaldi-erreleboa kezka nagusiak dira. Nola egiten ari gara aurre?

Erronka demografikoa da gaur egun dugun erronka nagusietako bat, eta ondorio zuzenak ditu enpresetan: belaunaldi-erreleboa, talentua erakartzea eta langile gazteen motibazioa, besteak beste. Horren aurrean, bi tresna nagusi erabiltzen ditugu: dirulaguntza deialdiak, enpresek pausuak eman ditzaten, eta proiektu pilotuak, ondoren zabaldu egiten direnak.

Horietako bat da ‘Lanaren zentzua’ ekimena.

2020an abiatu genuen proiektu pilotua da. Belaunaldi berriek lana beste modu batera ulertzen dute, eta hori sakon aztertu nahi izan genuen. Zer bilatzen dute? Zer baloratzen dute? Autonomia, propositoa, harremanak, lanaren zentzua bera… Guztira, 140 enpresak hartu dute parte, eta emaitzak oso positiboak izan dira, enpresa-kultura berriak eta proiektu erakargarriagoak sortzen lagunduz.

“Ekintzailetza bidaia zirraragarria da, baina baita gogorra ere, eta instituzioen laguntza funtsezkoa da”

Kuantikak eta biozientziak ere aipatu dituzu alor estrategiko bezala. Nola ari gara lantzen Gipuzkoan?

Ordenagailu kuantikoa Donostian izateak munduan kokatzen gaitu. Kuantikaren inguruko eztabaidetan Donostia eta Gipuzkoa Montreal edo Berlinen pare aipatzen dira. Azaroan Kanadan izan ginen, kuantikaren alorreko ekintzailetza programa berezi bat ezagutzen. Bestalde, aste honetan bertan, abenduaren 15ean eta 16an, mundu mailako 11 startup kuantiko nagusiak Donostian bildu dira, adimen artifizialeko 26 startupekin batera. Hau guztia ez da kasualitatea, aurretik egindako estrategia baten emaitza baizik. Azken lau urteetan, esate baterako, Gipuzkoa Quantum programaren bidez 98 proiektu kofinantzatu dira. Biozientzien alorrean ere, terapia aurreratuetan ari gara lanean, eta hemen ere kuantikak aukera berriak irekitzen ditu. Izan ere, kuantika ez da soilik kalkuluak azkarrago egitea: gauzak beste modu batera egiteko aukera ematen digu, konexio eta elkargurutze berriak sortuz.