Euskadiko saltokien %30ek baino ez du webgune aktibo bat Interneten, eta %13k baino ez du 'online' salmenta-zerbitzua.

Datuak Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eman ditu asteazken honetan, Portugaleten, Gandik proiektuaren aurkezpenean. Ekimen horren helburua da tokiko merkataritzaren digitalizazioa bultzatzea eta gazteen gaitasun digitalak indartzea, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Proiektua 2025-2026 ikasturtean jarriko da martxan lehen aldiz, Portugaleten eta Beasainen, esperientzia pilotu gisa. Bizkaiko udalerriaren kasuan, Puntueusek Google Maps-en datuak oinarri hartuta egindako ikerketa baten arabera, irekita dauden 636 saltokietatik soilik 195ek (%31) dute webgune aktibo bat.

Tokiko saltokietarako web-orriak diseinatzea

Gandik proiektuaren bidez, Portugaleteko DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek, Puntueusen laguntzarekin, tokiko negozioetarako webguneak diseinatuko dituzte.

Fase pilotuan, udalerri bakoitzean hamar saltoki inguru digitalizatzea aurreikusi da, lau ikastetxek eta 100 ikasle inguruk parte hartuta.

Merkatariek ez dute ezagutza teknikorik beharko, ikasleak arduratuko baitira web orriak sortzeaz. Gainera, webgune bakoitzak doako .EUS domeinua eta ostatua izango ditu lehen urtean. Webgune guztiak euskaraz sortuko dira gutxienez, eta merkatariek beste hizkuntza batzuk gehitu ahal izango dituzte, hala nola gaztelania edo ingelesa, bezeroen beharren arabera.