Síguenos en redes sociales:

Moncloa EEPren inguruko azken erabakia prestatzen

Ministroen Kontseilua bihar bilduko da operazioari buruzko ebazpena hartzeko

Moncloa EEPren inguruko azken erabakia prestatzenEP

MADRIl Sanchezen Gobernuak aste honetan erabakiko du BBVAk Sabadellen gainean egindako erosteko eskaintza publikoaren (EEP) etorkizuna. Lehenik eta behin, nazioarteko inbertitzaileen begirada arretatsuaren aurrean, eragiketa onartzeko eta “interes orokorraren mesedetan”, erosleari baldintza gehigarriak ezarriko ote dizkion argitu beharko du. Ministroen Kontseilua bihar elkartuko da EEPri buruz eztabaidatzeko eta bertan argitu beharko du BBVAri baldintza gehiago eskatzen dizkion, gero ikusi beharko da baldintza horiek bankuarentzat onargarriak diren. Erabaki hori funtsezkoa izango da duela 13 hilabete baino gehiago iragarri zen eragiketa zertan gertatzen den jakiteko, harrez gero bi erakundeetako akziodunak egonezinean murgilduta baitaude, baita inbertitzaileen funts handiak ere.

Ezin da segurutzat jo eskakizun berririk egongo ote den, ez eta bereziki gogorrak izango direnik ere, baina Carlos Torres buru duen taldeak EEP erretiratu egin lezake operazioak zentzua galtzen duela iritziz gero, Espainiarentzat oso albiste txarra izango litzatekeela ohartarazi duelarik. Nolanahi ere, bankariaren ustez Gobernuak ezin omen ditu Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) ezarritako baldintzak gogortu, eta, hala eginez gero, BBVAk justiziara jotzeko aukera izango luke.

Lehiaren Defentsaren Legeari buruz BBVAk egindako interpretazioa kontuan harturik, Ministroen Kontseiluak ezin ditu MLBNk ezarritako baldintzak gogortu; aitzitik, “bestelako arrazoiak medio”, berrikusi bai, egin ditzake, eta euren ustez, Antena 3ren eta La Sextaren bat-egitearekin gertatu bezala, neurri horiek berretsi edo leundu baino ezingo lituzke egin.

Konpromisoak

Inolaz ere, Ministroen Kontseiluak misterioa argitu bitartean, eta hasieratik bertatik Gobernua operazioaren aurka agertu ondoren baldintza berriak egon daitezkeelakoan, onargarriak izanez gero onartzeko aukera aipatu du Torresek bai eta, ordea, errekurritzekoa ere. Maiatzaren amaieran, Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak azpimarratu zuenez, interes orokorra aintzat hartuta, EEP Ministroen Kontseilura eramateko arrazoi nahikorik bazegoen, aldez aurretik bost sailek halaxe eskatu baitzuten.

Sabadellen kontrola hartu ahal izateko BBVAk MLBNren aurrean hartutako konpromisoek, finantza-inklusioa, lurralde-kohesioa eta ETEentzako eta autonomoentzako kreditua erraztuko dituzte, erakundearen beraren iritziz. Gainera, lehiarako aukerari eutsiko zaio, batez ere talde bateratuak presentzia handiagoa izango duen lurraldeetan, hala nola Katalunian, MLBNk eragiketa aho batez baimendu zuen egunean bertan BBVAko presidenteak azpimarratu zuenez. González-Bueno Banco Sabadelleko kontseilari delegatuak behin eta berriz aipatu izan du interes orokorra babestearen garrantzia; bere esanetan, Espainiako araudiak eta EBko itunek aukera ematen omen dute eragiketa ekonomikoetan gobernuek guztion interesa zain dezaten, esate baterako, BBVAk bere erakundeari egin dion EEP hau bezalakoetan.