Banco Sabadelleko kontseilari César González-Buenok BBVAri exijitu zion atzo akziodunei argi eta garbi jakinarazteko zein izango diren erakundearen kostuak, erosteko eskaintza publikoak (EEP) aurrera eginda ere, bat-egiterik gertatuko ez balitz; baita mugimendu guzti horrek kapitalean izango lituzkeen eraginak ere. “Erabakia hartzerakoan ez dugu akziodunentzat gardentasunik ikusten, eta faltan botatzen dugu», adierazi zuen Sabadell bankuko kontseilari ordezkariak El Economista egunkariak atzo antolatu zuen mahai-inguruan.

González-Buenok kritikatu egin zuen, BBVAk, hasiera batean, bat-egitearekin lortzea espero zuen 850 milioi aurrezkien zatirik handiena teknologian aurrezteko asmoa zuela aipatu arren, ondoren, 300 milioitan zehaztu izana pertsonalean espero zituen aurrezkiak. “Hori argitzea garrantzitsua da. Bat-egiterik ez badago aurrezkiak antzekoak izango direla esan da. Eta hori nekez gertatuko da”, adierazi zuen. “Akziodunei begira, BBVAk argitu behar duen informazioa (...) bat-egiterik ezean inpaktua zer nolakoa izango den zehaztea da, eta askoz gardenago, kapitalean izango dituen inpaktuak”, azpimarratu zuen bankariak bere hitzaldian.

MLBN

Bestalde, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) oraindik bere iritzia eman egin beharko du, eta, ziurrenik, EEPren amaiera begiztatzerako hilabete asko gera-tzen diren arren, Sabadell bankuaren CEOaren ustez, aurrera ateratzeko probabilitatea “oso txikia” da, “errailetik atera den eragiketa” delako.

Peio Belausteguigoitia, BBVAk Espainiarako izendatu duen country manager-a ere mahai-inguruan egon da, eta hark argi asko defendatu du Espainiako finantza-merkatua “oso lehiakorra izan dela iraganean, gaur egun halakoa dela eta izango dela”. “Merkatu horretan, bezeroak erraztasun guztiak ditu finantza-entitatea aldatzeko, eta hori egunero ikusten dugu”, nabarmendu du bankariak, entitate publikoen kopurua “berez” hain esanguratsua ez dela gogora ekarriz. “2007an auskalo zenbat kreditu-erakunde geneuzkan, eta ondotxo dakigu istorio hura nola amaitu zen” argudiatu zuen.

“Funtsean, kopurua ez da erabakigarria; garrantzitsuena, enpresok, finantza-erakundeok, indartsuak, kaudimendunak eta eraginkorrak izatea da, eraginkortasun horri esker izango dugulako zerbitzu onenak eta produktu onenak eskaintzeko aukera”, esan zuen Belausteguigoitiak. Ikuspegi horren aurrean, Estatuko ETEen ia erdiak Banco Sabadellen bezeroak direla aipatu zuen González-Buenok, eta adibidetzat azpimarratu zuen, partikularrek batez beste 1,8 banku-harreman dituzten bitartean, ETEek 3,9 harreman izaten dituztela batez beste bankuekin.

“Ez enpresaburuei, ez enpresa txiki eta ertainei, ez zaie interesatzen beraien jarduera banku gutxitan kontzentratuta edukitzea”, esan zuen Banco Sabadelleko exekutibo nagusiak. Nolanahi ere, BBVAren Espainiarako country manager-ak gogorarazi duenez, azken hitza bankuko akziodunek izango omen dute, eurek direlako enpresaren jabeak. Hori positibotzat jo zuen Belausteguigoitiak, eta “normalizatu” egin beharko litzatekeela, salmenta batean azken hitza jabeak duelako, ez administratzaileak. “Hori bizitzaren arlo guztietan gertatzen da eta ez da desberdina izango finantza arloan”, zehaztu zuen.