7.900 familia ingururi onartu zitzaizkien 2023an Espainiako Gobernuak sustatutako hipotekak arintzeko neurriak. Euriborraren igoeraren eragina apaltzeko, maileguari aurre egiteko epea luzatu edo bi urtera arteko luzamendua eskatzeko aukera zuten.

Beraz, jasotako eskaeren %12 lirateke, 65.800 eskaera inguru izan direla kontuan hartuta. Guztizko horien %43, 28.300 inguru, atzera bota dira, kasu gehienetan baldin-tzak ez betetzeagatik; eta %45, 29.600 inguru, oraindik aztertzeko omen daude, Espainiako Bankuak argitaratutako datuen arabera.

Espainiako bankua

Aurreko urtean, 2022an, garai bateko arintze-neurriak jaso zituzten familiak 1.350 izan ziren. Datu horiek kontuan hartuta, bi urteetako metatuan, onuradunen kopurua 9.250 ingurukoa izango litzateke, Gobernuak 2022ko azaroan ezarritako milioi bat familiaren helburutik oso urrun.

Etxebizitzak Donostian Iker Azurmendi

Espainiako Bankuak berak azaldu ditu datu horiek atzo argitaratutako Finantza Egonkortasunari buruzko Txostenean, eta bertan dioenez eragiketen bolumena apala iruditzen omen zaio oraindik –nahiz eta 2022tik hona “nabarmen” hazi den–, ekonomiaren eta enpleguaren bilakaera espero baino hobea izan delako.

Izan ere, egoera horrek azalduko luke, errenten hobekuntzarekin batera, oso zorpetuta dauden familien ehunekoa, hau da, errentaren %40 baino gehiago zorrak ordaintzera bideratzen dutenak, %11,2a izatea 2023an, 2020tik hona soilik ehuneko 0,7 puntuko igoera erakutsiz.

Errenta hobekuntza

Hipotekak arintzeko neurrietara itzuliz, 2023an onartutako 7.900 eragiketa horiek 907 milioi euroko zor bolumena suposatzen dute, familiei emandako kredituaren saldo biziaren %0,2, eta aurreko urteko 1.350 onarpenak soilik 135 milioira muga-tzen ziren.

Jardunbide Egokien Kodeei atxikitako eragiketen kreditu-kalitateak, aldiz, okerrera egin zuen, eta %46,9 eragiketa berregituratu berankorrak ziren, %2,7 berankor zuzenak, eta %26,3 ez-ordaintzean murgiltzeko arriskuan egoteagatik zaintza berezia behar zutenak.

KOI kredituen berankortasuna

Bestalde, Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOI) pandemia garaian abalarekin emandako kredituen bilakaera ere aztertu du Espainiako Bankuak bere txostenean, eta 2023aren amaieran berankortasuna %13,7ra igo zela ondorioztatu du, 6,6 puntu, alegia.

Ordainketa egunean izan arren etorkizunean horrela jarraituko ote duten zalantzapeko zaintza bereziko kredituak deiturikoak, %3,2 igo ziren 2023an sektore pribatua bere osotasunean hartuta. Inolaz ere, KOIren abalarekin enpresei emandako kredituetan, zaintza bereziko kalifikazioa dutenen kopurua %23koa izan zen, aurreko urtean baino ehuneko 3,3 puntu handiagoa.

Gogora ekarri behar da, 2022aren amaieran, zordun kalteberentzat 2012ko Hipoteken Jardunbide Egokien Kodea aldatzea adostu zutela Espainiako Gobernuak eta Bankuek; bai eta ahultasun-arriskuan dauden familientzako kode bat sortzea ere, –2024aren amaierara arteko indarraldia duena–, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak azkar igo zituelako eta ekonomiak okerrera egingo zuela aurreikusi zelako.