Lan-absentismoaren rankingeko lehen postua utzi du Euskadik, eta 2023ko laugarren hiruhilekoan bigarren erkidegoa izatera pasa da, %7,95eko tasarekin, aurreko hiruhilekoaren aldean 1,71 puntuko jaitsiera izan ondoren, Adeccok argitaratzen duen absentismoari eta lan-ezbeharrei buruzko hiruhileko txostenaren arabera. Estatu osoan, 2023ko laugarren hiruhilekoko absentismo-tasak gora egin zuen berriro %7,2ra iritsiz, halere, Euskadin erregistratutakoaren azpitik. Kopuru hori ehuneko 0,3 puntu igo da 2023ko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta ehuneko 0,6 puntu aurreko urteko aldi berarekiko.

Aldi baterako ezintasunagatiko absentismoari dagokionez, tasa % 5,6koa da (+%0,1ekoa hiruhilekoen artean eta +%0,5ekoa urte artean). Urteko laugarren hiruhilekoan absentismoagatik lanean egin ez diren orduak, 1.168.968 soldatapeko egun bakar batean lanera joan ez izanaren pareko dira (+%8,8 hiruhileko artean; +%11,9 urte artean).

Fenomeno horrek gehien eragin zuen autonomia-erkidegoa Asturias izan zen, aurreko hiruhilekoan bederatzigarren zelarik, % 8,3ko absentismo-tasarekin. Gauzak horrela, Euskadi lehen postutik kendu eta absentismo handieneko sailkapenean bigarren erkidegoa izatera pasa da.

Datuei zehazki erreparatuz, EAEko tasa %7,9an kokatu zen (urte arteko +%0,8, baina %1,71 jaitsi zen azken hiruhilekoan, jaitsierarik handiena izanik). Aldi baterako ezintasunagatiko absentismoari dagokionean, Euskadin %6,2koa da, ehuneko 1,48 puntu jaitsi baita aurreko hiruhilekoaren aldean, nahiz eta %0,1 igo iazko aldi berarekiko.

Sektoreka aztertuz gero, industria izan da Euskadin eraginik handiena jasan duena, %8,5eko absentismoarekin (+%1 urte artean), autonomien arteko rankingean hirugarren postuan dagoelarik. Ondoren, Zerbitzuak etorriko lirateke, %8 koarekin (urte artekoan +%0,7), sektore horretan estatuko bigarren postuan kokatuz. Eraikuntzan, berriz, absentismo-tasa %6koa da (+%1,2 urte artekoan).

Bestalde, azterlanean islatu duten laneko ezbehar-tasari dagokionez, 2023ko laugarren hiruhilekoan Estatu osoan 224 istripu gertatu ziren lanean ari zirela 100.000 langileko, eta beste 37 in itinere.