Ez naiz horoskopo irakurlea, ez eta amaren, aitaren, edo dena delakoaren eguneko loteria eroslea ere. Ez dut zorian eta ezta patuan sinesten. Aspaldi erakutsi zidatenez, zortea ez da existitzen. Zortea egin egiten da. Eta horretan baizik ez dut sinesten. Egiten den ibilbidean.
Bai gustatzen zait ordea, miresten edo deskubritzen ditudan pertsonei elkarrizketak egiten zaizkienean, laburrean erantzuten duten galdeketa irakurtzea. Eta gustatzen zait, batez ere, hauek ezagutzera ematen dituzten kultur gomendioak ezagutzea. Zer liburu izan den irakurri duten azkena, zein filma gomendatzen duten, zein kanturekin egiten duten negar, zein musika talde jarraitzen duten, zein aktorerekin egiten duten barre, zein antzezlan ikusi duten birritan, bakarrizketagilerik fitxatu ote duten, dantzaririk aipatzen duten, edo eta zein kultur espaziotan mugitzen diren. Horrekin osatzen dut nik, nire baitan, pertsona horren irudia, pertsonaia bilakatzeko bidean.
Aurreko astean, galdeketa labur horietako bat erantzun behar izan nuenean, idazle gustukoenaz galdetu zidaten, eta euskal idazle baten izena ematean, elkarrizketatzaileak berriro galdetu zidan: “zure laguna delako, ezta?”.
Bi erantzun etorri zitzaizkidan burura. Bata, baietz, aukeratu nuen idazle gustukoen hura nire laguna zela. Eta, bestea, euskal kultura kontsumitzen dudalako egin nuela aukera hura. Zeren eta konturatu naiz, galdeketa labur horietan ematen diren erantzun gehienek, kanpoko kultur sortzaileei egiten dietela erreferentzia. Inor gutxik aipatzen ditu euskal sortzaileak. Eta zerbaitek krak egiten du nire baitan, irudikatu dudan pertsonaia hori euskal sortzailea denean (berdin zait musikari, idazle, antzezle edo zer den) eta irakurtzen duenaz, ikusten duenaz, kantatzen duenaz galdetzen diotenean, bere erreferentzia guztiak kanpokoak direnean. Itxura kultoagoa emateko ote? Ez dut pentsatu nahi euskal kultura kontsumitzen ez dutelako denik…
Eta bai. Egiten dugun ibilbidean sinesten dut. Erreferenteak ditugun pertsona horiek guztiek egunero egiten dituzten eta ezagutzera ematen dituzten urrats txiki horietan guztietan.