Estatuko familien aberastasun finantzarioa aurrezkien eta zorren arteko aldearen arabera neurtzen da, eta inflazioak gora egin arren %2 baino gehiago hazi zen urteko lehen hiru hilabeteetan, martxoaren amaieran estreinakoz 2 bilioi euroren gainetik kokatuz. Urte arteko tasan ia %3 hazi da.

Espainiako Bankuak atzo argitaratutako Espainiako ekonomiaren finantza-kontuen arabera, etxeetako finantza-aktiboak – eskudirua, akzioak, gordailuak eta errenta-baloreak – %1 hazi ziren hiruhilekoan, martxoaren amaieran 2,75 bilioi euro izateraino. Urte arteko tasan %1,75 igo ziren, Espainako Bankuaren arabera.

BPGrekiko, finantza-aktibo garbiak %147 izan ziren, eta ratio hori aurreko urtekoa baino ehuneko 9,9 puntu txikiagoa da, nagusiki ekonomiaren hazkundeagatik.

Espainiako etxeetako finantza-aktibo gehienak eskudirutan eta gordailuetan daude (guztizkoaren %38), eta, ondoren datoz, kapitaleko partaidetzak (%31), inbertsio-fondoak (%15) eta aseguruak eta pentsio-funtsak (%12).

Kapitaleko partaidetzak izan ziren etxeetako finantza-aktiboetan pisua gehien handitu zuen osagaia, ehuneko 1,2 puntu aurreko urtearekin alderatuta; aldiz, aseguruen eta pentsio-funtsen pisua jaitsi zen gehien, ehuneko 1,2 puntu.

Familien eta enpresen zorra

Familien eta enpresa ez-finantzarioen zor bateratua 1,648 bilioi eurokoa zen lehen hiruhilekoaren amaieran, urtebete lehenago baino %1,7 txikiagoa, baina 2019aren amaieran pandemia hasi aurretik baino %2,3 handiagoa. BPGrekin alderatuz, ratioa %121,1eraino apaldu zen, aurreko urteko %135,3koaren aldean, baita 2019ko amaierako %129,3aren azpitik ere.

Enpresek eta familiek oso eragin desberdina izan dute bilakaera horretan.

Sozietate ez-finantzarioen zor bateratua 2022ko lehen hiruhilekoko 972.300 milioietatik 2023ko martxoko 952.700 milioietara murriztu zen; alegia, BPGren %70eraino, aurreko urteko %78,5en aldean. Gainera, enpresen arteko zorra ere kontuan hartuz gero, ratio hori %89,9ra iristen da, hala eta guztiz ere, aurreko urteko %101,5aren azpitik.

Familien kasuan, ordea, 2022ko martxoan 703.800 milioi eurokoa zen zorra, 2023ko lehen hiruhilekoan 694.900 milioikoa izatera pasa zen.

BPGrekiko alderatuta, etxeetako zorraren ratioa %51,1eraino jaitsi zen, aurreko urteko %56,8aren azpitik. Enpresen eta familien zor bateratuaren bilakaera, metatutako eragiketa garbien eta gainerako fluxuen balio negatiboen emaitza izan zen.

Metatutako eragiteka garbiak

Azken lau hiruhilekoetan metatutako eragiketa garbien zenbatekoa 14.100 milioi eurokoa izan zen, eta horrek BPGrekiko %1eko jaitsiera adierazten du.

Enpresek 9.200 milioi murriztu zuten zorra, termino garbietan, eragiketa netoengatik (BPGren %0,7), eta zenbateko horri errenta finkoan jaulkitako baloreen prezioen jaitsieraren eragina gehitu zitzaion. Etxeen zorra, berriz, 4.900 milioiko eragiketa garbietan murriztu zen, BPGren %0,4.