Argindarraren tarifa arautu berria onartu du Gobernuak, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (PVPC) deiturikoari. Horren bitartez, etorkizuneko prezioen hegazkortasun-gertaeretatik babestu nahi ditu kontsumitzaile elektrikoak, esate baterako, iaz Ukrainako gerrak eragindako energia-krisiaren ondorioz bizi izandakoen antzekoetatik.

Zehazki, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak proposatuta, Errege Dekretu bat onartu zuen atzo Ministroen Kontseiluak, argindarraren tarifa arautua kalkulatzeko metodologia aldatzeko, eta, aurreikuspenen arabera, gaur bertan argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE). Helburua garbia da: kontsumitzaileen azken fakturei egonkortasun handiagoa eman nahi zaie, etorkizuneko merkatuei gero eta pisu handiagoa emanez.

Formula berri hori 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera jarriko da indarrean kontsumitzaileen – ez da deus egin beharko aldaketa horiek izateko –. Horrenbestez, epe luzerako prezio-seinaleak partzialki txertatuko dira, eta eskura dauden merkatuen desindexazio partzialari helduko zaio; izan ere, etorkizuneko merkatuen erreferentziak sartuko baitira, eta, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren iritziz, egonkortasun handiagoa emango diete erabiltzaileen azken ordainagiri horiei.

Inolaz ere, Gobernuak izendatu eta tarifa arautua derrigor eskaini behar duten erreferentziazko merkatura-tzaileentzako (COR) diseinu berria, uztailaren 1etik aurrera jarriko da indarrean, etorkizunekoen saskiko kotizazioei aurre egin ahal izateko. Horrela, Gobernuak PVPCa baztertuko du, gutxienez orain artean ezagutu dugun moduan – bederatzi milioi etxe inguru daude hari lotuta, horien artean bonu soziala jaso-tzen duten 1,5 milioiak –. Eredu hori PPren Gobernuak sortu zuen 2014an, eta, Elektrizitatearen Merkatu Iberikoaren (Mibel) eguneroko prezioetan indexatuta, sortu zenetik aukerarik merkeena izan zen kontsumitzaile txikientzat, Cesur enkanteek eragindako arazoen aurrean tarifa elektrikoaren erreforma gisa burutu zenetik.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko iturrien arabera, Ukrainako gerrak eragindako krisiarekin gertatutakoa etorkizunean errepikatu ahal izango den gertaera da; izan ere, erregai fosilen pisu marjinala beheranzkoa izango bada ere, prezio-krisi horiek eragingo dituzten fenomeno geopolitikoak gertatuko baitira aurrerago ere. Neurri berri hori, Espainia eta Portugalerako salbuespen iberikoa deiturikoaren aplikazioari oniritzia eman zitzaionean, Gobernuak Europako Batzordearekin hartutako konpromisoetako bat da, eta zentzuduna oso.

Hegazkortasuna Hala ere, metodologia berri horrek argiaren ordainagirian ekar lezakeen eragin posiblearen estimaziorik zehaztu ez duten iturri berberek azpimarratu dutenez, erreformaren helburua hegazkortasun edo aldakortasun horren gainean eragina izatea omen da, baina ez dago hain argi prezioen mailaren gainean egingo ote duen, pisu handiago hori epe luzerako prezioetan sartuko duelako. PVPCaren erreforma horrekin, esku-diruko merkatuen indexazio partziala gauzatzen da.