Europako Batzordeak zerga-arauak berrikusteko proposamena aurkeztu zuen atzo. Bertan, herrialde bakoitzeko zorrari lotutako gastu-bidea aurreikusten da, eta defizitaren urteko gutxieneko doikuntza BPGren %0,5ekoa izango da, administrazio publikoen desoreka negatiboak erreferentziazko %3ko balioa gainditzea aurreikusten den urteetarako. Denentzako berdina den azken parametro komun hori Alemaniak eta beste zenbait estatuk eskatu dute.

Gainera, estatu kide bakoitzeko gobernuek aurkeztu beharko dituzte euren epe ertaineko zerga-doikuntzako planak, zorra lau urteko epean “zuhurtziazko” mailan mantendu ahal izateko gastu “onargarriaren” ibilbidea murriztuz; dena den, zazpi urteraino ere luzatu ahal izango da, erreforma eta inbertsio espezifikoetan ondo oinarrituta badago.

Bestalde, %3ko eta %60ko erreferentzia-balioen irizpideak betetzen direla bermatzeko zer doikuntza fiskal behar den erakutsiko duten ibilbide teknikoak eskainiko ditu Batzordeak, baina Hogeitazazpiek babestu beharko dituzte herrialde bakoitzak aurkeztutako egitura-planak, bai eta luzapen horien oinarri diren erreforma eta inbertsio konpromisoak ere. Valdis Dombrovskis Batzordeko lehendakariorde ekonomikoak prentsaurrekoan nabarmendu zuenez, planteamendu horrek “gardentasuna eta tratu-berdintasuna bermatzeko, funtsezko arloen inguruan diseinatutako ikuspegi orekatu bati erantzuten dio, eta, gainera, “inbertsioak eta erreformak sustatzen diren bitartean, zorra murriztea ere ahalbidetuko du”.

“Gure proposamenek arauak sinplifikatzen dituzte, jomuga erronka fiskaletan ezarriz. Horretarako, kontuan hartu behar dira estatu kideen hasierako aurrekontu-egoera desberdinak, baita zor publikoaren arloan bakoitzak dituen erronkak ere”, azaldu zuen, Paolo Gentiloni Europako Ekonomia komisarioak; bere esanetan, gastuan zentratuta dagoenez, saihestu egiten da “zerga-politikak azken urteotan izan duen ohiko joera ziklikoa”.

Proposamenak mantendu egin ditu egungo diziplinan indarrean dauden betebehar batzuk: esate baterako, Gehiegizko Defizitaren Prozedurak (DOB) gehienez ere %3an jarraitzen du; aldiz, estatu kide batek BPGren %60tik gorako zorra duenean aktibatzen den zorrean oinarritutakoa, indartu egin da. Bestetik, estatu kideentzako ihes-klausula espezifiko berri bat sartu du berrikuspen horrek, pandemiaren ondorengo testuingurutik eta Errusiak Ukrainari egindako erasoak eragindako krisialditik eratorritako ezohiko gertakariak aurreikusi eta kontuan hartzeko aukera jasotzen duelarik.

Inolaz ere, proposamenak estatu kideei epe ertainerako planen diseinuaren gaineko kontrol handiagoa eskaintzen badie ere, aplikazio-araubide zorrotzagoa ere ezartzen du, epe ertainerako egitasmoetan beren gain hartutako konpromisoak bete-tzen dituztela bermatzeko. Zor publikoaren eremuan erronka nabarmenak dituzten estatu kideen kasuan, adostutako doikuntza fiskalaren ibilbidetik desbideratzeak, gehiegizko defizitaren prozedura irekitzea ekarriko du. Bruselak aurten amaitu nahi ditu legegintza-lanak, 2024an zehar dena behar bezala prestatu, eta 2025etik aurrera zorra murrizteko plan nazionalak garatu daitezen.