15 egun gehiagoan igo du bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJC), guztira 48 egunera arte, 2012ko lan-erreformaren ondoren legeak ezarritako 33 egunen aldean. Epaian esaten denez, “Argi eta garbi hutsala da; ez du lanpostua galtzeak eragindako kaltea konpentsatzen, eta ez du enpresarentzat behar adinako disuasio-ondoriorik”.

Auzitegiak neurri batean onartu egin du beraz, langile batek Bartzelonako epaitegi baten aurreko epaiaren aurka jarritako errekurtsoa, non kaleratzea bidezkotzat jotzen zuen, Expansión egunkariak aurreratu duenez.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 158. hitzarmenaren eta Europako Gutun Sozialaren 24. artikuluaren arau-esparruan oinarritu dute epaia magistratuek.

Auzitegi berak azaroaren 11ko 5986/2022 epaian idatzitakoa aipatzen da testuan. Bertan esaten zenez, egoera berezietan, “legezko kalte-ordaina eta kalte-ordain tasatua aski ez diren kasuetan, handiagoa finkatu ahal izango da, kaleratze-egintza ez-zilegiak eragindako kalte eta galera guztiak konpentsatzeko (sortutako kaltea, galdutako irabazia, kalte morala...).

Horrez gain, epai berean adierazten da, “kaleratzearen erabakiak agerian uzten duela, nolanahi ere, kaleratze-eskubidearen gehiegizko erabilpena”; izan ere, enpresak, handik egun gutxira, aldi baterako lan-erregulazioko espedientea hasi baitzuen pandemiaren esparruan, eta, hori baliatuta, kaltetuak bere lanpostuari eutsi eta langabezia-babesari buruzko ezohiko neurriei heldu ahal izango zien. Auzitegiak onartu egin du kaleratzea “ez zela kausarik gabekoa izan”, arrazoi ekonomikoak eta produktiboak bazeudelako, baina koiunturalak zirela esan du.

Kaleratu zuten unean, langileak ez zuen langabezia-prestazioa jasotzeko behar adinako kotizaziorik, eta auzitegiaren ustez, “enpresan zeraman antzinatasun txikiagatik kaleratzeak zekarren kostu minimoaren babespean enpresak gehiegikeriaz jokatu izan ez balu”, aldi baterako lan-erregulazioan sartu eta prestazioak jasotzeko aukera benetakoa omen zeukan.

Hori kontuan izanik, 3.493,3 euroko kalte-ordain gehigarria batu dio epaian, kaleratze-unetik hasi eta alarma-egoera eta konfinamendua amaitu bitartean langileak eskuratu ez zituen irabaziengatik.

Epai horren aurrean, Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro Yolanda Díazek argi adierazi zuen, justifikaziorik gabeko kaleratze baten aurrean langilearentzako kalte-ordaina kopuru finko batera mugatuta ez egotearen aldekoa dela, eta beste faktore batzuk ere kontuan hartu beharko liratekeela, esate baterako, kaltetuaren egoera ekonomikoa eta pertsonala.

Bigarren presidenteordeak adierazi zuenez, Espainian irizpide horren aldeko erabakia hartu duen bigarren epaia omen da. “Nik aspaldidanik defendatu izan dudana adierazten du epai horrek” azpimarratu zuen Yolanda Díazek. Gaiarekin jarraituz, gaur, asteazkenez, Espainako Kongresuan kaleratze errestauratiboari buruzko interpelazioari erantzutekoa zela aurreratu zuen Laneko titularrak, eta bertan azalduko omen du bere Ministerioak gai horrekiko duen jarrera teknikoa.