Bermeo – Baikor egoteko modukoak dira baxura flotarentzat datorren urterako aurreikuspenak. Izan ere, aurten baino arrain gehiago arrantzatzeko aukera izango dute. Urteko lehen arrantzaldiari dagokionez, euskal arrantzaleek aurreko urteetan baino berdel gehiago harrapatu ahal izango dute. Azken urteetan Kantauriko flotari zati bat kentzen zioten bere kuotatik, 2009 urtean berdel gehiegi harrapatu izanaren ondorioz Europako Batzordeak ezarritako isuna ordaintzeko –zigorraren ondorioz, harrapaketak 40 milioi kilo murriztu ziren bost urtean banatzeko–.

Isun hori ordainduta dago eta beraz datorren urtean kuota osoa arrantzatzeko aukera izango dute. Nolanahi ere, datorren urterako harrapaketa muga oraindik zehaztu barik dago, Europako Batasunak, Norvegiak, Islandiak eta beste herrialde batzuk adostu behar baitute. Aurten, Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek 30.000 tonako kuota izan dute Kantauri itsasoan.

Antxoaren arrantzaldirako aurreikuspenak be positiboak dira eta euskal ontziek aurten baino arrain gehiago harrapatu ahal izango dute. Stockaren egoera osasuntsua da eta harrapaketa muga 33.000 tonatan mantenduko da. Hala ere, kofradiek urteko kuotaren zati bat erabiltzen zuten arestian aitaturiko berdel gehiegi harrapatu izanaren ondorioz Bruselak ezarritako isuna ordaintzeko eta datorren urtean ez dute horrelakorik egin behar izango isuna ordainduta dagoelako.

Hegaluzeari dagokionez, ez da aldaketarik izango datorren urterako harrapaketa mugan, 18.000 tonatan mantenduko baita. Aurtengo kanpainan Kantauriko flotak mila tona hegaluze baino gehiago utzi ditu arrantzatu barik eta soberakin hori 2024 urteko kuotari gehituko zaio.

Azkenik, hegalaburraren harrapaketa muga %10 hasiko da datorren urtean. Aurten, Europako Batasunaren kuota 19.311 tonakoa izan da eta barne banaketaren ostean 6.093 tona izan ditu Espainiako flotak. Europako Batasunaren banaketaren arabera, Espainiak 691 tona gehiago ditu. – R.B.