Ekimen berriak martxan jartzeko ahalmena eskualde baten sasoi sozioekonomikoaren adierazgarrietako bat da. Eta azkeneko egunotan Goierri sasoian dagoela agerian gelditu da. Izan ere, Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 25. edizioa ospatu berri da Goieki garapen agentziaren eskutik, zeinetan Kaxola eta Suministros Industriales GAME S.A. enpresen proiektuak saritu dituzten, Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onena eta Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onena kategorietan, hurrenez hurren. Goiekiren sariek hirugarren kategoria bat jasotzen dute, gizarte inklusioarekin lotutako proiektua sari-tzen duena, baina aurtengoan ez da mota horretako egitasmorik aurkeztu, saria banatu gabe geldituz. 

Ekitaldia Goierriko Berrikuntza Guneko NBF Eraikinean, Ordizian, ospatu zen joan den azaroaren 10ean, Gaur, dena hobetu daiteke, lelopean eta, antolatzaileek esandakoaren arabera, aurtengoa berezia izan da oso, sariketak 25. urteurrena ospatu duelako. “Lehiaketak zenbaki borobila bete du aurtengoan eta, hitz gutxitan esateko, harrotasuna eta ohorea sentitzen dugu, izan ere, 90. hamarkadan Goiekik sari hauek banatzea erabaki zuenetik gauzak asko aldatu dira. Egoera ekonomikoa oso bestelakoa da; garai hartan, eskualdeko langabezia tasa oso altua zen eta egoera horri aurre egiteko sortu genituen sariak, pizgarri moduan. Geroztik, gorabehera asko bizi izan baditugu ere, pandemia kasu, lehiaketa bere horretan mantentzea lortu dugu garai berrietara egokituz eta Goierrik ekimen berriak sortzeko gaitasuna duela agerian utziz”, azaldu du Maialen Sanchez Goiekiko Ekintzailetza arloko arduradunak. 

Sarien eboluzioari dagokionez, gaur egun bideragarritasunari lehentasuna ematen diotela zehaztu du Sanchezek: “Hasierako urteetan, ideia onak bilatzen genituen, baina orain ideia onak izateaz gainera, bideragarriak izan daitezen bilatzen dugu”. Ildo horretatik, lehiaketa honetan sarituak izan diren enpresen %70a bizirik eta hazten jarraitzen dutela azpimarratu beharra dago.

Joan den azaroaren 10ean egin zen sari banaketa Goierriko Berrikuntza Guneko NBF Eraikinean ‘Gaur, dena hobetu daiteke’ lelopean. Javier Colmenero

 Bestalde, Sanchezen ustez, Goierri izaera industrialeko eskualdea izanik, ekintzaile izatea “ez da erraza”, hori dela eta, “enpresa barruko ekimenak, hau da, barne-ekintzaile-tza sustatzea da Goiekiren helburua, enpresek bizi dituzten zailtasunen aurrean bidelagun izanik”. 

Elkarlana eta babesa

Ospakizun berezia izateagatik hainbat izan ziren bertaratutakoek bizi izan zituzten sorpresak. Ordiziako alkate Adur Ezenarrok eta Goiekiko gerenteak, Iker Galparsorok, ekitaldiari hasiera eman ondoren, lehiaketaren bilakaerari buruzko bideoa proiektatu zen (bideoa YouTuben dago eskuragarri Goiekiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren XXV. Urteurrena izenpean). Horrez gain, Goiekiren lehiaketaren sortzaile izan ziren Juan Manuel Barandiaran, Goiekiko gerente ohia, Niko Errasti, Goiekiko Industria arloko arduradun ohia, eta Manuel Luna, asma-tzailea, gonbidatu zituzten ekitaldira omenaldi txiki bat eskaintzeko. 

Antolatzaileen esanetan, mende laurdeneko ibilbidearen ondoren bi gauza argi gelditu dira: batetik, eskualdeko eragile desberdinen kolaborazioa ezinbestekoa izan dela eta, bestetik, enpresek urtez urte eman duten babesa ere funtsezkoa izan dela.

Honako edizioan Enpresa Ekimen Berriko Proiektu Onenaren kategorian Kaxola egitasmoa nagusitu da eta 6.000 euroko saria irabazi du. Enpresan Buruturiko Proiektu Berritzaile Onena kategorian, aldiz, Suministros Industriales GAME S.A. enpresa izan da garailea, 2.000 euroko hobariarekin. 

Bestalde, aurtengo edizioko babesleak honako enpresak izan dira: Irizar, Ampo, Goilan Fundazioa, Goierri Beheko Industrialdea, Tacticco, Orkli, Arcelor Mittal, Hine, Nippon Gases, Gitb, Hitza, Aluminox, Arri, Ederfil Becker, Ezarri, Garabi Group, Goilaser, GH, Jaso Industrial Cranes eta Biok.