Espainiako Gobernuak Europako Batzordearekin negoziatuko du etorkizuneko erreforma fiskala Maria Jesus Montero Ogasun ministroak atzo aurreratu zuenez, han hartutako neurriek “bateragarriak” izan beharko dutelako krisi energetikoaren eta inflazioaren egoerarekin.

Efe agentziari eskainitako elkarrizketan azaldu zuen Monterok, datorren hiruhilekoan hainbat bilera aurreikusita dituztela, “Europar Batasunaren eskutik, Europa osoak bizi duen egoerarekin bateragarriak diren neurriak ezartzeko”, familiei “ahalegin gehigarririk” eragin gabe.

Berreskuratze Planean 2023ko lehen seihilekoan erreforma fiskala ezartzeko konpromisoa hartu zuen Sanchezen Gobernuak, aditu-taldearen gomendioak jarraituz –bereziki garraioari eta energiari buruzkoak–, baina atzeratu egin da gerrak eragindako ingurune ekonomiko berriaren aurrean.

“Erreforma fiskala unean uneko egoerara egokitu behar da”, arrazoitu zuen, “ez baitu zentzurik erregai jakin batzuen gaineko fiskalitatea handitzea, hobariak eskaintzen ari garenean”.

Orain, mugarri hori nola bete Bruselarekin negoziatuko duela argitu du Monterok, betiere hartuko diren neurri horiek ez dezaten “kontraesanik sortu” hazkunde ekonomiko iraunkorrarekin, “berdearekin, alegia”, gizarte-justizia handiagoa lor-tzeko helburuekin, eta Europako beste herrialde batzuekiko zerga-bilketaren arrakala murriztuz.

Berreskuratze Planeko mugarri guztiak betetzea ezinbestekoa da Batzordeak ordainketak baimen-tzeko; eta 2023ko lehen seihilekoan, zerga-erreformaren konpromisoaren barruan, 7.000 milioi euro dira jaso beharrekoak.

Ministroaren hitzetan, neurri horiek ez omen dira soilik diru-bilketaren ingurukoak izango; jokabide industrialak eta pertsonalak alda-tzeko “helburua” ere izango dute, baita sozietateen gaineko zerga Europako zuzentarauarekin lerrokatzea ere.

Nolanahi ere, Maria Jesus Monterok argi utzi nahi izan zuen, egoera ekonomikoak “hobera egingo balu”, datorren ekitaldian beste neurri ba-tzuei ekiteko asmoa ere baduela Gobernuak, hala nola “erregai fosilak erabiltzearen kontrako ingurumen-fiskalitate bat”, erregai berriztagarriak sustatuz.

Zergak bankuei eta energetikoei

Bankuentzako eta konpainia energetikoentzako ezarritako zerga berriei dagokienez, ministroak konfiantza osoa agertu zuen enpresek aurreratu dituzten helegiteei aurre egiteko legeak duen “kaudimen teknikoarekin”. “Ez da harritzekoa, diru-kutxa publikoei ekarpen handiagoa egin beharko dietenek neurri horiek begi onez ez hartzea”, adierazi zuen.

Gobernuaren ohiko bidelagunekin neurri hori Kongresuan aurrera ateratzea espero du Monterok, “adostasun nahikoa” eskuratu duelakoan, eta aldaketarik negoziatzeko prest dagoela azalduz.