2021eko lehen hamaika hilabeteetan 33.780 lan-istripu baja eragin dute, eta datu horrek iazko urtarriletik azarora bitartean baino ia 5.000 ezbehar gehiago izan direla salatzen du, %17 gehiago, alegia. Pandemiaren lehen hilabeteetako geldialdi ekonomikoak eragindako beherakada atzean geratu da, eta Euskadi 2019koaren an-tzeko mailara hurbiltzen ari da berriro, garai hartan 35.933 lan-istripu erregistratu baitziren; 2018ko zifrak, berriz, gainditu egin dira dagoeneko.
Osalanen datuen arabera, urtarriletik azarora 29.091 lanaldiko istripu izan ziren, beraz, ia %18 gehiago; eta in itinere zenbatutakoak (etxetik lanerako joan-etorrian) 3.277 izan ziren, %11,6 gehiago. Bestalde, baja eragin zuten birgaixotzeak 1.412 izan ziren, %16,6 gehiago.
Lanaldiko istripu guztiak kontuan izanda, 28.892 arinak izan ziren, 172 larriak eta 27 hilgarriak. In itinere gertaturiko istripu arinak 3.250 izan ziren (+%11,8), larriak 24 (2020an 26), eta hildakoak hiru.
Lurraldeka aztertuz, ezbehar-tasa %23 hazi zen Araban, lanaldian 5.407 istripu gertatu zirelarik; %18 Bizkaian, 14.639 zenbatuta, eta %15 Gipuzkoan, 9.045 ezbeharrekin. Lanaldian ezbehar gehien izan zituen sektorea zerbitzuak izan ziren, haren atzetik datoz industria (9.201 ezbehar), eraikuntza (3.506 istripu) eta lehen sektorea (541 baja).
Datu horiei erreparatuta, laneko ezbehar-tasarik handiena jasan zuen sektorea eraikuntza izan zen (62 baja 1.000 langileko), ondoren datoz nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (56,3 baja 1.000 langileko), industria (56,2 baja) eta zerbitzuak (22,7 baja mila langileko). Ezbehar gehienak hirugarren sektoreak bildu arren, langile-kopuru handiena ere bertan dagoenez, portzentajea gainerako sektoreetan baino nabarmen txikiagoa da.
Bestalde, urtarriletik azarora bitartean, laneko baja eragin zuten 1.232 gaixotasun profesional berri zenbatu ziren Euskadin, eta horrek %9ko igoera adierazten du 2020ko datuekin alderatuta. Bajarik eragin ez zuten laneko gaixotasunen kasuak, aldiz, 1.270 izan ziren, 2020ko urtarriletik azarora bitartean zenbatutako laneko absen-tziarik gabeko 1.079 gaixotasunak baino %17,7 gehiago.
Argi ikusten da, beraz, lan-istripuak berriro ere ugaritzen ari direla, iazko beheranzko joera, covid pandemia lehertu eta hurrengo hilabeteetan izandako jarduera txikiak eragin zuela berretsiz. Martxoaren bigarren erdialdeko eta apirileko jarduera askoren geldialdi orokorrak, nabarmen baretu zituen 2020ko ezbehar-tasen estatistikak, istripu guztien kopurua %20 jaitsi zelarik urtearen amaieran. Istripu hilgarrien beheranzko joerak ere bere horretan jarraitu zuen, 2019an izandako beherakadaren ondoren, eta ohikoa baino askoz tragikoagoa izan zen 2018a eta gero (34 hildako Osalanen datuen arabera).
Hilkortasuna ere nabarmen hazi da aurten, %25 hain zuzen ere, azarora arte 30 hildako zenbatu baitira, iaz 24 izan zirenean. 2021 azken urteetako ekitaldirik txarrenetako bat izateko bidean da atal honetan; gainera, hogeita hamarreko kopuru horri abenduan gertatutako beste herio-tza bat gehitu behar zaio, hain zuzen ere, larunbat honetan Zumaian gertaturikoa. 45 urteko langilea, Gipuzkoar kostaldeko udalerri hartako industria-pabiloi bateko teilatuan eraberritze eta garbiketa lanak egiten ari zela erorita hil zen.
Bitxia bada ere, azaroaren amaieran beste langile bat hil zen Portugaleten, oso antzeko egoeran. Hark ere 45 urte zituen, eta 20 metroko altueratik erorita zerraldo geratu zen, mantentze-lanak egiten ari zela. 2020an baino %17 istripu gehiago izan dira Euskadin, sei langile gehiago hilda.
31
Osalanen datuen arabera, laneko istripu hilgarriak 30 izan dira aurten urtarrila eta azaroa bitartean, 2020ko aldi berean baino 6 gehiago. Hogeita hamar horiei, gutxienez, Zumaian larunbat honetan gertatutako beste istripu hilgarri bat ere gehitu beharko zaio, langile batek bizia galdu baitzuen industria-pabilioi bateko teilatutik erorita.