- “Onartezina”. Horrela deskribatu du Norvegia, Faroe Uharteak edota Islandiaren jokabidea berdel stockaren kudeaketan Leandro Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak. Izan ere, estatu horiek, biderkatu egin dute kuota eta harrapaketa kopurua euren kabuz, biologoen proposamenak eta Europako Batasunarekin sinatutako akordioa bazterrean utzita. “Aurten arte izan den kudeaketa sistemari eutsi behar zaio. Urtero, Europako Batasunak eta Atlantiko iparraldean berdela arrantzatzen duten estatuek urtero akordio bat adostu dute arrantzaldia kudeatzeko. Akordio horiek bete egin behar dira. Onartezina da estatu bakoitzak nahi duena egitea eta harrapaketak biderka-tzea biologoen planteamenduen gainetik. Alde bakoitzak nahi duena egiten badu ezinezkoa izango da stocka ondo kudeatzea” adierazi du Azkuek.

Jaurlaritzako arduradunak “zilegi” ikusten du Europako arrantzaleek neurriak hartzeko eskatzea Bruselari Norvegiaren jokabideari erantzuteko. “Guztiz logikoa da Europako arrantza sektorea haserre egotea ikusirik beste estatu ba-tzuetako ontziek nahi beste berdel arrantzatzen dutela, sinatutako akordioak bete barik. Norvegiak Europako Batasuneko merkatuan saltzen ditu bere produktu gehienak eta kasu askotan gure arrantzaleen produktuen konpetentzia zuzena dira. Onartezina da Norvegiak nahi beste berdel arrantzatzea eta arrain hori Europan saltzea inolako oztoporik gabe. Bruselak bere indarra erabili behar du gure arrantzaleak defenditzeko”.