- Berdelaren populazioaren tamaina etengabe behera egiten ari dela ikusirik, Itsasoa aztertzeko nazioarteko Kontseiluak (ICES) proposamena bat egin du. %7ko murrizketa proposatu du datorren urteko berdelaren arrantzaldirako. Biologoen arabera, harrapaketek ez lukete gainditu behar 794.920 tonako muga.

Gauzak horrela, aurreko urtean baino 57.000 tona berdel gutxiago arrantzatzea gomendatzen dute zientifikoek. Euskal flotak daukan berdel kuota txikia da eta murrizketa honek are txikiagoa egingo luke. Adibidez, 13.200 tona berdel arrantzatu zituzten iaz euskal arrantzaleek. Traina erabiltzen duten ontziek aste betean agortu zuten kuota eta amuak erabiliz ari direnen arrantzaldia lau astetan bukatu zen. Norvegiak edo Erresuma Batuak 200.000 tona berdel baino gehiago harrapatu zuten 2020an.

Berdel populazioa gero eta txikiagoa da estatu batzuk ez dituztelako aintzat hartzen biologoen proposamenak eta nahi beste arrantzatzen dutelako. Aurten bertan, Norvegiak eta Faroe Uharteek berdelaren kuota bere kabuz %55 handitzea erabaki zuten. Norvegiaren kasuan, 300.000 tona berdel arrantzatuko ditu aurten, 2021erako biologoen proposatutako kopuru osoaren %35a. Islandia, Errusia eta Groenlandiako flotak ere neurri barik ari dira berdela arrantzatzen. “Estatu horietako arrantza flotek jokabide arduragabe horrekin jarraitzen badute eta justifikaziorik gabe puztu dituzten kuotak arrantzatuz gero, zientifikoek aholkatutako kopuruan oinarrituz azaroan alde guztiek adostutako kuota baino %42 gehiago arrantzatuko da” salatu du Gerard Van Balsfoortek, Europako Batasuneko flotaren ordezkariak.

EBko arrantza industriak Norvegia eta Faroe Uharteen aurkako berehalako neurriak hartzeko eskatu dio Bruselari “Atlantikoko Ipar-ekialdeko berdel-populazioaren gehiegizko arrantza gelditzeko”. Europako arrantza flotako arduradunen ustez, “EBk ezin du onartu estatu horiek gehiegizko arrantza egiten jarraitzea, Itsas Zuzenbideari buruzko Nazio Batuen Konben-tzioaren aurkakoa baita. Sinestezina da euren burua nazio iraunkor eta arduratsu gisa aurkezten duten estatuek, aldi berean hain arduragabe jokatzea”.

Gainera, azpimarratzekoa da Norvegiak nazioarteko uretan egiten dituela harrapaketa gehienak, bere 200 itsas milako esparrutik kanpo. Hango flotak biderkatu egin ditu arrain esportazioak eta Europako Batasuna da merkatu nagusia. “Norvegiak itsasoko produktuen kopuru izugarriak esportatzen ditu, arrain-haztegiko izokina barne, EBko merkatura ohikoa balitz bezala” diote Europako arran-tzaleek. Haien iritziz, Bruselak daukan indarra baliatu behar du. “Europako Batasuna itsas produktuen munduko merkatu handiena dala kontuan izanda, berehala erabili behar du bere boterea eta neurriak hartu behar ditu jokabide arduragabe hori geldiarazteko”.

Atlantiko iparraldeko espezie pelagikoen defentsarako taldearen (NAPA) arabera, ICESek egindako proposamenak garbi erakusten du gehiegi arrantzatzen ari direla Atlantiko iparraldean eta horrek kalte zuzena eragiten diola populazioari arriskuan jarriz arrantzaldiaren jasangarritasuna. “Ez da harritzekoa berdelaren populazioa txikituz joatea, kontuan izanda aurten biologoek proposatutakoa baino %42 gehiago arrantzatuko dela”. NAPAren arabera, gatazka erabat politikoa da eta konponbidea eskatu dute. “Alde guztiak ICESen aholkuetara egokitu behar dira eta urte anitzeko kudeaketa-planak ezarri behar dira, arrantzaldiaren etorkizuna bermatzeko. Akordio egonkorrak behar dira”.

Beste alde batetik, Marine Stewardship Council (MSC) erakundeak premiaz jokatzeko eskatu du, “Atlantikoko ipar ekialdeko arrantza-baliabideak gehiegi ustiatzen ari baitira, gobernuak urteak daramatzatelako ados jarri barik kuotak zehazteko orduan”. MSCk egindako datuen analisiak erakusten du azken sei urteetan berdelaren, sardinzarraren eta lirioaren harrapaketen baturak %34an gainditu dituela iraunkortasun-mailak. Hau da, gomendio zientifikoei jarraituz itsasoan utzi behar ziren 4,8 milioi tona arrain baino gehiago arrantzatu dira. “Arrain-populazioak agortu egin daitezke denbora luzez gehiegi ustiatzen badira, hala nola, 60ko hamarkadan Atlantikoko iparraldeko sardinzarra agortu egin zen eta hogei urte behar izan ziren errekuperatzeko” dio MSC erakundeak.

Biologoen arabera, harrapaketek ez lukete gainditu behar 794.920 tonako muga.