Poctefa Orhi mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak formula berritzaileen bidez hondakinen behera egitea dute helburu. Hain zuzen, uropak 88 milioi tona elikagai alferrik galtzen ditu urtero, eta 25,8 milioi tona plastiko sortzen ditu.

Frantziako eta Espainiako erakunde eta instituzioen partzuergo batek sustatutako ekimen honek Nafarroako mendiaren izena darama, mugaz gaindiko bokazioa islatuz.

Azken hiru urteetan garatu da, “ekonomia zirkularrerantz” aurrera egiteko ideia berritzaileak eta negozio-eredu berriak proposatuz, mugaren bi aldeetan nekazaritzako elikagaien sektorean lehiakortasuna bultzatzeko asmoz.

Garatutako ekintzen artean azpimarratzekoak dira teknologia berritzaileei buruzko hainbat katalogo argitaratu izana, hondakin organikoekin eta plastikoekin aurre egin beharreko erronka nagusiak definitzea, eta ikerketa-zentroen eta enpresen arteko ezagutza-transferentziaren bidez mugaz gaindiko sinergiak sustatzea.

Ia bi milioi euro ditu, eta Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (Poctefa) programa europarrak %65eko ekarpena egiten du. Diru hori baliatuta, teknologia horiek jasotzeko aukera duten 17 proiektu identifikatu ditu azken urte eta erdian Orhik.

Horietatik sei ezarpen fasean daude dagoeneko, Saiolan enpresa jarduera berriak sortzen laguntzeko zentroko Iratxe Acha arduradunak azaldu duenez.

Emaitzak telematikoki jakinarazi zituzten proiektuaren azken jardunaldian Euskadiko, Nafarroako eta Errioxako zenbait parte-hartzailek, bai eta Pirinio Atlantikoetako eta Okzitaniako eskualdeetakoek ere.

Adibidez, Bizkaiko Leartiker Esne Zentroaren eta Axuribeltz gaztandegi nafarraren arteko lankidetzari esker, gaztaren ekoizpenaren hondar-laktosueroa baliatu ahal izango da balio erantsi handiko produktu berriak sortzeko, hala nola edari hartzituak, gaztanbera, eta baita zuku aberastuak ere, gazura frutekin konbinatuz.

“Gazta egiteko erabiltzen diren ehun litrotik % 85 eta %90 bitartean esne-serum bihurtzen dira, eta gaztandegiak kudeatu behar izaten ditu”, azaldu du Malen Sarasua Leartikerreko adituak. Esne-serum hori oso likido aberatsa da proteinan eta laktosan, eta ibaietara iritsiz gero, arrain-hilkortasun handia ekar lezake, “anoxia” (oxigenoaren murrizketa) eraginda.

Orain, elikadura-aprobetxamendu berri horiei esker, balizko “ingurumen-arazoak” eta esneki hondakinak sortzea saihestu ahal izango da, eta baliabide horri “balio erantsia” emango zaio “errentagarritasuna” lortzeko ere aprobetxatuz.

Beste proiektu bat nekazaritzan erabiltzen diren hondakin plastikoak berreskuratzean datza; esate baterako, txanpinoiak landatzeko erabiltzen diren “filmak”, zabortegietatik datozen material bereko beste hondakin batzuekin batera urtu daitezke “zur plastikoa” sor-tzeko.

Teknika horretan interesa adierazi du dagoeneko Errioxako, Nafarroako eta Aragoiko Substratu eta Hongoen Ekoizleen Elkarte Profesionalak (Asochamp). Errioxako Solteco enpresako José Vicente Sainzek azaldu duenez, “zur plastikoari” arotzeriako tratamendua egiten zaio kanporako altzariak egiteko, hala nola bankuak, hesiak, zutoinak edota loreontziak. Oso bizitza erabilgarri luzea dute, eta hogei urte pasatakoan ere “lehen egunean bezala daude”, ez dutelako mantentze-premiarik izaten.

Bestalde, Neiker nekazaritza ikerketen euskal zentroko kide den Patrick Rigak, berriz, nekazaritzako laborantzei aire, oxigeno edota ozono nanoburbuilak aplikatzearen onurak azpimarratu ditu. Alfonso Pardo Saiolaneko adituak azaldu duenez, Japonian sortutako teknologia honek laboreen errendimendu handiagoa ahalbidetzen du, elikagai gehiago lortzen dutenez landareak azkarrago hazten direlako, eta aldi berean ongarrietan aurreztea ere lortzen delako.

Ezaugarri guztiak bere horretan mantendu arren elikadura-enpresa tradizionalek botatzen dituzten brokoli zatien %30 eta 35 artean erabiltzea da Orhiren beste egitasmo baten oinarria. Proiektu horretan murgilduta dabil Ingredalia enpresa nafarra, landare horren estraktuak elikadura-osagarri gisa kapsularatzen.

Mugaren beste aldean, nabarmentzekoak dira baserrietan gasa lortzeko proiektuak; euren hondakin propioetatik abiatuta, eskala oso txikiko energia-sorgailu bat elikatuz lortzen dute (pikometanizazioa). Les jardins de Sandrine enpresan abian jarri dute dagoeneko; Pirinio Atlantikoetako eskualdean dagoen enpresa honetan, bestelako elikagaiak sortzen dituzte fruta eta barazkietatik.

Iparraldean jarraituz, Bankako Truite arrain-haztegia bere tankeetako hondakin-ura, barazkien laborantza hidroponikoetarako elikagaitzat erabiltzen hasi da; horrela, mantenugaiak aprobetxatzen dituzte Bioponi enpresak transferitutako teknologiari esker.

Ekimen horrek, Orhi proiektuko gainerakoek bezala, aukera ematen du hondakinak berraprobetxatzeko “ekonomia zirkularrean” eta “zero hondakin” sortzearen helburuetan sakontzeko.

Besteak beste, Bizkaiko Leartiker Esne Zentroak eta Neiker nekazaritza ikerketen euskal zentroak hartzen dute parte Orhi proiektuan