"Gu ez gara baserrian jaio, izan ere, erre egin baitzen gu jaio aurretik. Baina familia osoa baserriaren inguruan bizi gara eta baratzagintzako proiektua dugu esku artean", azaldu du Miriam Saldiasek berrobitarrak, bere ahizpa Igone Saldias familiako baserrian txikitatik laguntzen aritutakoa.

Txikitatik baserri inguruan bizi arren, gurasoek beste ikasketa ba-tzuk egitera animatu zituzten bi ahizpa hauek ere. "Ahizpak eta biok ikasketak egin ditugu, izan ere, baserri munduan jaio garen gehienoi beti bultzatzen baikaituzte ikasketak egitera, baserritik ezin dela bizi argudiatuz. Hori horrela, nire ahizpa Igone abokatua da, eta ni berriz, arkitekto teknikoa", esan du Saldiasek.

Enpresa batzuetan lanean aritu dira bakoitzari dagokion lanbidean, baina ez omen zuten "beraien lekua" aurkitzen toki horietan. Saldias ahizpen osabak betidanik izan du bara-tza ekologikoa Berrobin eta hari laguntzeko asmoz, baserrira itzuli ziren lanera iaz. Horrela "bizitzari zentzu bat" bilatzera iritsi dira biak ala biak. "Niretzat salto hau egiteak garrantzi handia izan du. Ahizpak eta biok 30 urte inguru ditugu orain, eta bizitza osoan zehar gauza desberdinak egiten aritu bagara ere, ez dugu gure burua inon eroso topatu. Horrek ez du esan nahi orain bizimodu erraza aukeratu dugunik, baina bertako elikagai osasuntsuak ekoizten ditugu eta ikasteko asko geratu arren, pozik gaude hartutako erabakiarekin", aitortu du.

Baratzean ekoiztutako barazkiak, duela 16 urtetik ama eta izebak Tolosan duten Soronea denda ekologikoan saltzen dituzte, gainera. "Baserrian lanean aritzeko diru-laguntzak aurten eman dizkigute. Hori baliatuta, goizetan ahizpak dendan egiten du lan eta arratsaldetan baserrian. Eta nik, berriz, alderantziz", azaldu du. Denboraldiko produktu guztiak saltzen dituzte denda ekologikoan, garaian garaiko barietate guztiak landatzen saiatzen baitira.

Momentuz baratzean dabiltza lanean, baina "transformazio gune bat" sortu nahi dute produktuak saldu ahal izateko eta baserria autosufizientea izateko: "Gure helburua baratza handitzea da eta etorkizunean online saltzea ere gustatuko li-tzaiguke. Sukalde bat ere eraiki nahi dugu baserrian eta bertan, adibidez, gure barazkiekin egindako hanburgesa begetalak saldu nahiko genituzke", azaldu du.

Ez dakite "eraldaketa" hori noiz eta nola egingo duten, baina momentuz baserrira itzultzeko erabakiarekin "oso pozik" omen daude Saldias ahizpak.

Etorkizunean baratzako elikagaiak 'online' saltzea eta baserrian bertan "eraldaketa gune" bat sortzea da Saldias ahizpen helburua