- Kantauriko antxoaren arrantzak berriro lortu du MSC (Marine Stewardship Council) ziurtagiria, hasierakoa duela bost urte eskuratu ondoren. Flota osatzen duten 93 ontzietatik 47 Euskal Herrikoak dira, 35 Kantabriakoak, 6 Galiziakoak eta 5 Asturiaskoak. Flota honek bere produktuak MSC ekoetiketarekin merkaturatzen jarraituko du, arrakastaz gainditu baitu arran-tza-auditoretzako prozesu zorrotza.

MSCren ingurumen-estandarraren hiru oinarrien arabera ebaluatu du: populazioaren osasuna, arrantzak itsas ekosisteman duen eragina eta arrantzaren kudeaketaren eraginkortasuna. Kantauriko flotak arrakastaz gainditu ditu zertifikazio berriak jarritako azterketa guztiak. Gainera, 80 puntu baino gehiago lortu ditu MSCren 28 adierazleetako bakoitzean. Horrek esan nahi du jardunbide egokien mailan dagoela ingurumen-alde guztietan, eta ez dela beharrezkoa izan hobetzeko baldintzarik ezartzea.

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako arrantza eta akuikultura zuzendariaren aburuz, "gure ontziek osasun-krisi baten erdian hasi dute antxoaren kanpaina. Euskadiko arrantzaleek osasun-protokoloak betez eta arduraz ekin diote kanpainari. Orain, inoiz baino gehiago, funtsezkoa da kontsumitzaileak tokiko produktu jasangarria aukeratzea, MSC ziurtagiriak egiaztatzen duen bezala. Kantauriko antxoaren aldeko apustua egiten du Euskadik".

Kantauriko antxoak MSC ziurtagiria lortu zuenetik, MSC zigilua duten 400 produktu inguru garatu dira hogei bat herrialdetarako. Salmenta-merkatu nagusiak Espainia (freskoan zein kontserban), Erresuma Batua, Frantzia, Alemania eta Belgika dira. 2018-2019 ekitaldian, zigilu urdinarekin merkaturatutako antxoaren bolumena 1.216.000 kilokoa izan zen (produktu amaitua; 4.5 bat milioi kilo pisu bizian), baino %97 gehiago. "Urteak daramatzagu arrantza arduratsua defendatzen. Azken bost urteotan, lanean jarraitu dugu arrantzaren jasangarritasuna hobetzeko eta gure arrantzaleek itsasoan duintasunez bizimodua irabazten jarraitu ahal izateko" adierazi du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradietako idazkariak. "Une zail hauetan -azpimarratu du- inoiz baino gehiago, lanean jarrai-tzen dugu gure antxoaren arrantza nazioartean aintzat har dadin, bere kalitateagatik, Kantauri itsasotik datorrelako eta modu jasangarrian eta itsasoarekiko errespetuz harrapatua izan delako".