DONOSTIA. Milioi bat euroko inbertsioa egin zuen 2017an Donostia / San Sebastian 2016 Fundazioak Europako Kultur Hiriburuaren Legatuarekin lotura duten hainbat jardueratan. Diru-kopuru hori Fundazioa osatzen duten erakundeen artean banatu da, Legatuan aurreikusita zeuden proiektuak garatzeko.

Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu du, Donostiako Udalak jarraitzen duela Legatuak aurreikusitako hainbat proiektu garatzen elkarte eta erakunde desberdinekin elkarlanean. Beste proiektu batzuk aldiz, Udalak berak bere gain hartu ditu eta, esaterako, Olatu Talka - maiatzaren 25etik 27ra egingo da aurten - Donostia Kulturaren aurrekontutik finantzatzen da.

Hortaz, 2017an Donostiako Udalak San Telmo Museoaren bitartez "Zurekin Donostia sortzen dugu" eta "Europako elkarrizketak" proiektuak garatzen jarraitu ditu.

Era berean, Donostia Kulturak segidako proiektuekin jarraitu du: "Mugaz gaindiko Koreografia zentroa" Miarritzeko Malandain Balet-arekin batera - gainera, baletarekin lankidetza hitzarmena indartu du Udalak -; "Kimu" Euskal Kulturen Elkargoarekin batera - beste hiru urtez luzatu du Udalak lankidetza -; edo "Glad is the day" festibala - 2017an egin zen eta 2018an ere egingo da -.

Donostiako Udalak, halaber, Maider Lopez-en Iturriak proiektuari ekarpena egiten jarraituko dio eta aztertzen ari da erakusketa beste leku batean jartzea.

Bide ardatzen margotze-lanak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du, API Movilidad S.A. enpresari segidako bi kontratuak esleitzea: Esparru Akordioaren lehen multzoko , hain zuzen ere bide ardatzak margotzeko, hirugarren kontratu eratorria; eta Esparru Akordioaren bigarren multzoko, hain zuzen ere, seinale horizontalen elementuak margotzeko, laugarren kontratu eratorria.

Lehendabiziko kontratuak 20.000 euroko kostua du, eta bigarrenak, 35.000 euroko kostua.