beasain - Beasaingo Udalak jakinarazi duenez, langabeziaren tasak behera egin zuen iazko urtean udalerrian eta joera hori duela bi urtetik datorrela azaldu dute. Lanbideko datuei erreparatuz, 2015. urte amaieran 698 langabetu zeuden, 2016an 621, eta iazko urtean kopurua 561 izan da. Horietatik 337 emakumezkoak dira eta gizonezkoak, bestalde, 224. Beraz, azken urteko datuak kontuan hartuta, 60 pertsona gutxiago daude lanik gabe Beasainen. Honela, Beasaingo langabeziaren indizea %8,37koa dela esan dute, eskualde mailakoa %9,06koa, Gipuzkoan %9,94 eta Euskal Autonomi Erkidegoari dagokionez %12,11koa.
“Beasaingo Udal gobernuak langabeziari aurka egiteko konpromisoari eusten dio. Izan ere, lana oinarrizko eskubidea izanik bizi kalitatean eragin zuzena du eta pertsonei duintasuna ematen die”, agertu dute. Horrela, legegintzaldi hasieratik martxan jarritako egitasmoei tinko eusten diela berbatu dute eta batez ere, langabezian daudenen ezaugarriak kontuan izanda, eskualdeko enpresen lan eskaintzari lotzen zaien formazio saioak antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute. Hala nola, Ikolan lanaldi enpresarekin, Goierri lanbide eskolako formazio ikastaroak eta enpresetako lan praktikak babestuz eta ekintzaile berrientzako diru- laguntzak sortuz. Bestalde, Udalak Caritasekin duen lankidetza hitzarmenari esker, Caritasen eskura jarritako baratze sozialetan 20 pertsona daude baratze-zaintza tailerrean okupazio lanetan. - M.A.