donostia - Baserritarren eta hiritarren arteko topagune bilakatuko da Donostiako Kursaal aretoa datorren abenduaren 5ean. Gure lurra, sembrando futuro, euskara eta gaztelania uztartzen dituen lema aukeratu dute, bi bizimodu, alegia, bi ikuspegiren bateraketaren adierazgarri gisa. Horren harira, NOTICIAS DE GIPUZKOAren galderei erantzun die Xabier Arruti Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak. Partaidetzaren garrantzia, erreleboaren beharra eta sektorearen etorkizuna izan ditu, besteak beste, hizpide.
Zein helburu du datorren astearteko topaguneak?
-2016. urtean, dagoeneko, partaide-tza prozesu bat martxan jarri genuen sektoreari protagonismoa emateko asmoarekin. 25 bat pertsonaz osaturiko partaidetza dinamika bat egin da eta haren ondorio zuzena da datorren asteartean ospatuko dugun ekitaldi handia. Dinamika horren bitartez, lehendabizi sektorearen diagnosia egin zen, non hiru erronka nagusi identifikatu ziren: lehenik, errentagarritasuna areagotu behar zela; gero, gaur egun ditugun egiturak berraztertu beharra zegoela; eta hirugarrenik, komunikazioa indartu beharra zegoela. Eta horren harira, ondorioztatu zen azkeneko urteotan lehen sektoretik emandako mezuak sakabanatuta egon zirela, eta amankomunean jartzeko unea zela, gizarteari mezu bateratu gisa eskain-tzeko. Gure lurra, sembrando futuro ekitaldia, beraz, elkarlanean, prozesu bateratu baten ondoren eratorritakoa da.
‘Gure lurra, sembrando futuro’, zergatik aukeratu duzue lema hori?
-Gure nekazaritza erabat familiarra da, lurrari lotutakoa. Hemen ez dugu Ameriketako Estatu Batuetako agroindustria erraldoia bezalakorik. Bestalde, azalean utzi nahi genuen guk ereiten duguna gizartearentzat beharrezkoa dela, onuragarria dela, eta aldi berean, gizartearentzat beharrezko izateagatik, guk ere etorkizuna badugula.
Gazteak lehen sektorera ekarri beharra da sektorearen erronka nagusietako bat. Duela aste gutxi, Aldundiak jakinarazi du 830.000 euroko inbertsioak bideratu dituela 41 urtetik beherako baserritarrentzat.
-Jende berria sektorera hurbiltzea da sektorearen beharrik handienetakoa, hain zuzen ere, erreleboa bermatu beharra dago. Kontuan izan behar dugu gure egoera ez dela Galizia edo Frantzia bezalako beste eremu batzuetan bezala, non distantzia handia dagoen industria eta landa eremuaren artean. Kasu horretan, errazagoa da gazteak landa eremuan gelditzea. Gipuzkoan, ordea, industria eta landa eremua, alegia, hirigunea eta herri txikiak oso gertu daude. Hori dela eta, baserriko zein hiriko jendeak industriara jotzen du erosoago delakoan, izan ere, gurean posible baita baserrian bizitzen jarraitzea fabrikan lan egin arren.
Nola lortu, orduan, gazteak baserrian gelditzea?
-Alde batetik, ezinbestekoa da lanean dihardutenek transmititzea posible dela honetatik bizitzea. Adibide gisa askotan esaten dut oso zaila dela hondoratzen ari den itsason-tzira inor igotzea, arratoiek ere ihes egiten badute. Belaunaldi aldaketa egin behar dutenek, lehenik, baserritarren seme-alabak behar dute izan. Zentzu horretan, administraziook gure aldetik gazte horiei laguntzak emanez lagundu behar dugu. Berdin emakumeak jokatzen duen paperarekin, izan ere, oso garrantzitsua izan da, hala jarrai-tzen du izaten, eta hala beharko du etorkizunean ere.
Teknologia berriak nekazal munduan integratzea ere erronka garrantzitsua da lehen sektorearentzat, eta ildo horretatik, duela gutxi Nekagip aplikazioa abian jarri du Aldundiak. Zertan datza?
-Legegintzaldia hasi bezain laster, erronda bat egin genuen nekazal munduko eragileekin, haiei entzuteko helburuarekin. Horren bitartez hainbat behar eta eskakizun identifikatu genituen. Batez ere baieztatu genuen lehen sektoreko langileak gainezka daudela egin beharreko tramiteekin: diru-laguntzak, auditoriak, animalien gidak, etabar.
Zehazki zein tramite egin daitezke?
-Nekagip aplikazioa baliagarria izango da tramite ugari errazteko, alegia: ustialekuari buruzko informazioa jasotzeko, deklaratutako lurrak kontsultatzeko, diru-lagun-tzen egoera, etabar. Bestalde, animalien gida tramitatzeko aukera ere ematen du. Gipuzkoan 55.000 abelburutik gora daude eta erdiak baino gehiagok gida bat behar dute lurraldean mugitzeko. Horrez gainera, ehizaren ondorioz sortutako kalte-ordainen eskaeraren jarraipena ere egin ahal da aplikazioaren bidez. Eskualdez eskualde bilerak egin ditugu aplikazioaren berri emateko, eta jende askok parte hartu du.
Bertako sagardoaren aldeko apustu handia ere egin du Aldundiak.
-Plan berezi bat jarri dugu Gipuzkoako sagardogileekin batera bertako sagardoa bultzatzeko. Jatorri izendapena dela eta, bertako sagarrarekin bakarrik egindako sagardoa da eta horrek eskatzen du egitura bat izatea, sagarrondoak bultzatzea, alegia. Horretarako, 300.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Ekonomia Sustapena eta Landa Inguruneko departamentuak. Era berean, sagardogileak konpromisoa hartzen du ekoitzitako sagarra bertako sagardoa egiteko baliatuko duela.
Diru-laguntzarik gabe bizitzea posible da lehen sektorearentzat?
-Egia da askotan aipatzen ditugula diru-laguntzak lehen sektoreari buruz hitz egiteko orduan. Baina egia da ere bai landareari edo animaliari errendimendua atera arte, epe jakin batean baserritarrak inbertsioak egin behar dituela, lana egin behar duela. Administrazioak, zentzu horretan, baserritarrak gizarteari egiten dion ekarpen handiaren aldean, por-tzentaje jakin batean besterik ez dio laguntzen. Gainera, lehen sektoreari bultzada ematea jarduera ekonomiko bati bultzada ematea da.
Une erabakigarria bizi du egun lehen sektoreak?
-Industrializazioaren garaiaz geroztik, etengabeko egokitzapena egin behar izan du lehen sektoreak. Ez da gauza berria, oso barneratuta baitauka. Lehen, hamar behirekin nahikoa zen, eta gaur egun, berriz, 100 behar dira bizimodua ateratzeko. Administrazioak ez dauka barita magikorik, ni neu lehenengo sektoretik nator; administrazioak lagun-tzaile izan behar du, baina baserritarrak izan behar du protagonista.