Ikerketa egin duen taldeari deigarria iruditu zaion datuetako bat honako hau izan da: alegia, biztanleria migratzailearentzat “gatazka-gune argia izaten dela, haien aurrean euskaraz hitz egitea, egiten duenak badakienean ez dutela hizkuntza ezagutzen. Errespetu falta iruditzen zaie. Ondo iruditzen zaie euskaraz hitz egitea, ez ordea, eurek aurrean badaude, baztertuta geratzen direlako, eta ez dutelako jakiten zertaz ari diren”.

Bestalde, euskaldunek ere badute zer esanik horrelako egoeren aurrean. “Hemen aldatu behar izan dugunak, erdaraz hitz egin behar izan dugunak, geu izan gara, eta edukazioz erabiltzen dugu gaztelania”, diote.

Bigarren belaunaldian gauzak aldatu egiten dira, kasuistika askotarikoa izan arren. “Batzuek euskara ikasi dute, ondo hitz egiten dute, eta erabat integratuta daude; beste batzuek, aldiz, bolada batez izan zuten harremana euskararekin, baina ez dute sentitu euskara euren bizitzan txertatzeko premiarik, eta abar. Batzuek zein besteek, oro har, balio instrumentala ematen diote.

"Euskara ikasteko prozesu horretan gauzak hobeto egin daitezela eskatzen dute"

Belen Uranga - Soziolinguistika Klusterraren kidea

Denek aho batez eskatzen dute, “euskara ikasteko prozesu horretan gauzak hobeto egin daitezela, eta ez dadila ahalegin guztia beraien bizkarrean geratu, ez bakarrik esfortzuari dagokionez, baita horrek dakarren kostu ekonomikoari dagokionean ere”. Eskari hori oso zabalduta dago.

Azterlana dagoeneko aurkeztu zaio Ekialdeko Barrutiko Batzarrari, eta laster egingo da jendaurreko aurkezpena. Soziolinguistika Klusterraren kidea den Belen Urangaren esanetan, “mereziko luke gai horren inguruan berriro ere hausnarketa egitea”, bai eta “hain desberdinak diren” egungo migrazio-prozesuen aurrean “zer ikasi dezakegun” aztertzea, gaur egun, hizkuntza asko daudelako. “Euskararen beraren egoera ere ez da 60ko hamarkadako berdina”, esanez amaitzen du.