- Goia "prest agertu da, hobetzeko bada" EH Bilduk GI-20 Bariantea hiri-etorbide bihurtzeko egindako proposamena aztertzeko; argi adierazi du, ordea, "esku-hartze handi samarrak" eskatuko dituela, eta aurreikusitako 25 milioiko aurrekontua "oso txikia" dela.

Udal gobernu batzarraren osteko prentsaurrekoan Goiak adierazi duenez, planteamendua "ez da berria" eta, bere garaian, EAJk aukera hori "neurri batean" aztertu zuen, Bariante hori, bigarren ingurabidea eraikitzearen ondorioz, Intxaurrondo inguruan egunean 120.000 ibilgailu izatetik 60.000 izatera pasa zenean.

Horrek aukera berriak zabaldu zizkion ingurabidearen konfigurazioari, "lehen zen pasabide izatetik, elementu banatzaile bihurtuz", azaldu du.

Goiak adierazi du EH Bilduren proposamenaren berri "komunikabideen bitartez" jakin duela; eta argi adierazi du, "lehen hurbilketa eginda", egunero saihesbidea erabiltzen duten 60.000 ibilgailuak "asko direla oraindik".

Alkateak mahai gainera ekarri du, EAJk beste hainbat aukera aztertu zituela dentsitate hori saihesteko, "baina esku-hartze handiak eskatzen zituzten", Anoeta-Ospitaleetako bidearen antzekoak, eta tamalez, ibilbide horren konfigurazioa "ez da egokia, malda handia duela, ez eta sekzioagatik ere, estuagoa baita".

EH Bilduren alternatiba aukeratuz gero, "badira doikuntzak eskatuko lituzketen elementu zenbait" adierazi du Goiak, eta, nolanahi ere, aurreikusitako aurrekontuarekin "ez litzateke bideragarria izango" azpimarratu nahi izan du.

"Aukera hori planteatu nahi izanez gero, dentsitateak, datuak eta alternatibak" sakon aztertu beharko liratekeela esan du. Izan ere, mugikortasun-beharrak hor jarraituko baitu, eta jakina delako "leku batean estutuz gero, gainerakoetan okerrera egingo duela".