Donostia Gipuzkoako kosta monitorizatzeko sarean sartu da
Klima-aldaketak hondartzetan duen eragina neurtuko dute kameren bidez
- Donostiako hondartzak Gipuzkoako bideometria-sisteman sartu dira, klima-aldaketaren ondorioak neurtzeko helburua duen sisteman, alegia. Zehazki, itsasertzean duen eragina aztertzeko, monitorizazioa egiten ari dira Gipuzkoako kostaldean eta, hemendik aurrera, baita Donostian ere.
Hala, Igeldoko eta Urgulleko estazioak Bideometriako Foru Sarean integratu dituzte eta, horien bidez, Ondarreta, Kontxa eta Zurriolako hondartzak monitorizatuko dituzte. Estazio horiek Azti Fundazioaren laguntzarekin jarri ditu martxan aurten Donostiako Udalak, pandemiak baldintzatutako udan hiru hondartzak kudeatzen laguntzeko.
Alde batetik, kamera horiek aldi baterako datu-serieei buruzko informazioa bilduko dute, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina ebaluatzeko; bestalde, hondartzetako erabiltzaileen kopurua denbora errealean ezagutzeko aukera ere ematen dute (horretarako jarri zituzten), eta olatuen eta korronteen ondoriozko arrisku-eremuak detektatzeko aukera ere bai, bainularien segurtasuna bermatzeko. Informazio hori baliagarria da sorospen-zerbitzuei laguntzeko, batez ere arrisku handieneko hondartzetan.
Bideometria-sareari esker, egungo egoeraren diagnostiko egokia egin daitekeela esan zuen atzo José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, eta horrek etorkizunari aurrea hartu ahal izateko aukera emango duela. Besteak beste, hondartzaren forma denboran zehar nola aldatzen den agerian utziko du (hareatzaren espazioa galtzea, harearen banaketa aldatzea...), baita klima-aldaketak hareatzetan duen eragina eta kosta-lerroaren bilakaera ere.
Gipuzkoako bideometria-sare horren lehen kamera Zarautzen jarri zuten 2017. urtean eta orain itsasertz guztia monitorizatzen dute.
Temas
Más en Donostia
-
Dbus despedirá 2025 sumando 34 millones de viajeros
-
Goia muestra su “desacuerdo” y “preocupación” por una última sentencia en contra de la exigencia del PL2 a los agentes de Movilidad
-
El Ayuntamiento de Donostia estará “muy vigilante” con las obras de los tres bloques de Gros
-
Los donostiarras reciben ya en sus hogares la nueva viñeta de residentes