- Udal ordezkariek eta igeldotarrek Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko batzorde sustatzailea zehazteko lantaldea sortu dute. 2021. urtean lanean hasi behar duen batzorde sustatzaile horren partaideak eta zereginak zehaztea eta landuko dituen edukiak, funtzionamendua eta lan-plangintza adostea izango da haien egitekoa. Lehen bilera azaroaren 12an egin zuten.

Lantalde hori lau alorretako kideek osatu dute. Batetik, Donostiako Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak daude, eta Igeldoko Herri Kontseiluko bost kide ere bai. Haiekin batera, Udaleko Herri Partaidetza saileko teknikariak daude. Azkenik, idazkaritza kontuak kudeatzeko eta dinamizazio lanetan aritzeko Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikariak ere badaude.

Lantalde honen sorrera Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzera iristeko prozesuan lehen pausoa da. "Zero fase bat da, oinarriak jarriko dituena", azaldu du Donostiako Udalak. Helburua, haien esanetan, batzorde sustatzaileak zimendu ahalik eta sendoenak izatea da.

Martxoan iragarri zuen Udalak Tokiko Entitate Txikia sor-tzeko prozesua abiatzeko prest zegoela eta Herri Kontseilua lanerako prest agertu zen, igeldotarrek beraiek bide hori ondo ikusten zutela ikusita: abenduan batzarra egin zuten, bide hori hartzeari buruz galdetu zuten eta gehienek baiezkoa eman zuten. Prozesua elkarlanean garatzeko borondatea adierazi zuen Eneko Goia alkateak eta batzorde misto parekide bat sortzea onartu zuten, hau da, aipatutako batzorde sustatzailea.

Tokiko Entitate Txikiaren aukera hori egon izan da mahai gainean aurretik ere, baina orain arte ez du aurrera egiterik izan eta igeldotarrek independentziaren alde ere egin izan dute. 2013an Gipuzkoako Foru Aldundiak (Bildu zegoen orduan gobernuan) Igeldoren segregazioa onartu zuen, baina epaitegiek bertan behera utzi zuten eta 2019an Auzitegi Gorenak ere ontzat eman zuen Aldundiaren erabakiaren baliogabetzea.

Hala, segregazioaren eta epaitegien bidea itxita, Tokiko Entitate Txiki bihurtzekoa abiatuko dute orain.

Udal taldeetako ordezkariak, Igeldoko Herri Kontseilukoak eta teknikariak daude azaroaren 12an lehen aldiz bildu zen lantaldean