- Dbusek bihar berrabiatuko ditu gaueko zerbitzuak eta ostiralero, larunbatero eta jai bezperatan eskainiko ditu. Ordutegiak, dena den, ez dira guztiz pandemia aurrekoak izango. Izan ere, aurreko urteotan udan ostiraletan eskain-tzen ziren zerbitzuak izango dira orain larunbat eta jai bezperetan ere eskainiko direnak.

Hala, B1-Benta Berri-Berio-Añorga, B2-Aiete-Bera-Bera, B3-Egia-Intxaurrondo, B4-Amara-Erriberak-Martutene eta B6-Altza orduro aterako dira Bulebarretik, 4.00ak arte; B7-Igeldo, berriz, 2.00ak arte ibiliko da.

B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa, B9-Amara-Errondo-Puio eta B10-Zubiaurre-Bidebieta-Buenavista, berriz, 00.30ean, 1.30ean, 2.30ean eta 3.30ean abiatuko dira Bulebarreko paradetatik.

Gainera, Dbusek atzo gogoratu zuen gaueko autobusetan emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdiak eska ditzaketela linea guztietan. Helburua autobusak haien etxeetatik gertuago uztea da eta, horrela, arriskuak murriztea, beti ere autobusaren ibilbidea jarraituz eta gelditzeko aukerarik baldin badago (hainbat eremutan dago erabilgarri zerbitzua).

Bestalde, ia 2.000 auzotarrek babestu dute Amara Berriko bizilagunek abiatutako ekimena, 21-Mutualidades-Anoeta zerbitzua pandemia aurretik zuen ordutegira bueltatu dadin eska-tzeko. Zerbitzua pasa den astelehenean berreskuratu zuen Dbusek, baina orain ordutegia murriztuta dauka eta 30 minuturo abiatzen da (lehen 20 minuturo ateratzen zen).