donostia - Udaberrian itsasargian eraikiko den artelanari buruzko zalantzak argitzeko udal teknikari batekin eta Iglesiasen ordezkari batekin bildu zirela aipatu du Eguzkik. Bileran lanek iraun bitartean eragin dezaketen kalteari buruz galdetu zuten alde batetik, baita ondoren itsasargiko eskulturak erakar ditzakeen bisiten ondorioei buruz ere.
Eguzki talde ekologistak emandako hitza betetzeko eskatu zion atzo Donostiako Udalari Santa Klara uhartean egingo den Cristina Iglesiasen lanaren inguruan. Uharteak jasaten duen presioa ez areagotzea ezinbestekotzat dute eta horretarako eskulturaren eraginak mugatua behar duela izan uste dute.
Eguzkiren arabera, lanak direla-eta zuhaitzik ez dela moztuko agindu zieten eta itsasargirako bidea errespetatuko zela ere bai, nolabait eskulturaren osagarri izango baita Iglesiasen iritziz. Obrek iraun bitartean uhartetik atera behar den lur guztia hodien bidez garraiatuko dela esan zietela dio Eguzkik, baina prozesua nola gauzatuko den zalantzak ditu talde ekologistak.
“Dena den, gehien kezkatzen gaituena ondorengo egoera izango da, bisitak nola antolatuko diren”, dio. Gaur egun Santa Klararako bisitak gehienbat lau hilabetez ematen direla gogoratu du Eguzkik (ekainetik irailera), eta udazkenetik udaberrira uharteak denbora duela “deskantsatzeko” eta, nolabait, “bere egoera naturala berreskura-tzeko”. Hegaztien babesleku ere bada hilabete horietan zehar, haien ugalketa garaian.
Hala, Eguzki beldur da urritik maiatzera arte gaurko lasaitasuna mantenduko duen Santa Klarak edo bisitak biderkatuko diren itsasargiko eskulturak erakarrita. Ekologistek diote udal arduradunek gidatutako bisitak bakarrik antolatuko direla esan zietela, baina gehiegi baldin badira Santa Klararen “oreka” (ingurugiroari dagokionez) hautsi daitekeela uste dute.
Horregatik, dei egiten diote Udalari oreka hori zaindu dezan, eskulturak (bai lanek eta bai ondorengo kudeaketak ere) uhartean bertan kalterik sor ez dezan. - N.G.