donostia - Gobernu Zibila kultur etxe ekimenaren eskutik, festa izan zuten atzo arratsaldean Amara Berrin. Argazki erakusketa, liburuak doan, kantuak, musika, dantzak eta haurrentzako jolasak antolatu zituzten Aitzol parkean, Usandizaga institutuaren aurrean.

Pio XII.eko Espainiako Gobernuaren Subdelegazioko eraikina berreskuratu eta auzoko kultur etxea bertan koka dezaten eskatzeko sortu zen Gobernu Zibila kultur etxe ekimena eta haien aldarrikapena festa giroan egin zuten atzo. Gainera, astean zehar ere hainbat solasaldi burutu zituzten, kultur ekipamenduen ikusgarritasunari buruz, auzoari eta auzotarrei buruz eta baita artea eta zineari buruz ere.

Gaur egun, Anoetako obrengatik Ernest Lluch kultur etxea itxita dagoenez, bertako hainbat zerbitzu Arccon eskaintzen ditu Donostia Kulturak (haurtxoko eta gaztelekua modulo prefabrikatuetan egokitu dituzte). Estadioko obrak bukatzean bertara itzuliko da Ernest Lluch, baina auzotarrek uste dute Pio XII.eko eraikina aproposagoa dela, besteak beste, kokapenarengatik. - N.G.