Alegazioak aurkeztu eta “erresistentzia” txandak egingo dituzte gaztetxean
Udalak Kanpandegi kaleko eraikina hustutzeko agindua eman zien pasa den astean, Jaurlaritzak hala eskatuta
donostia - Parte Zaharreko Kijera gaztetxeko kideek alegazioak aurkeztu zituzten atzo Donostiako Udalaren eskutik pasa den astean jaso zuten hustutze aginduaren kontra. Kanpandegi kaleko eraikina (Kaialde moduan ezaguna) irailean okupatu zuten, gaztetxe moduan erabiltzeko. Abenduaren 26an jakinarazi zien Udalak eraikina berreskuratzeko urgentziazko prozedura aktibatu zuela, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta (Hezkuntza sailak atxikituta dauka eraikina garai batean Orixe ikastolak erabili bai-tzuen, berez Donostiako Udalarena bada ere).
Alegazioetan eraikina hamabi urtez hutsik egon dela eta egun proiektu sendorik ez dagoela diote gazteek. Gainera, urgentziazko prozedura aktibatzea (epeak murrizten dituena) ez dagoela justifikatuta diote ida-tzietan.
“Ez dugu uste Donostiako Udalak gure alegazioei erantzuna emango dienik”, esan zuten atzo prentsaurrekoan agertutako gazteek. Hala, eta desalojoa berehalakoa izango dela uste dutenez, “erresistentziarako” deia egin zuten eta txandak antolatu dituzte Kanpandegi kaleko eraikinean “Kijera defendatzeko”. Gainera, manifestazioa ere deitu dute biharko, 19.00etan abiatuta Konstituzio plazatik. “Udalak dituen baliabide guztiekin eraikina berreskuratuko zuela onartu zuen eta gure aukera borrokan jarraitzea da, gure esku dauden baliabide guztiekin, elkartasuna saretuz eta erresistentzia antolatuz”, esan zuten.
Hilabete hauetan Parte Zaharreko eraikinean hainbat ekimen eta proiektu garatzen hasi direla nabarmendu zuten gazteek. Haurgunea sortu dute guraso batzuek, zine emanaldiak prestatu dituzte, filosofia mintegi bat, tailerrak eta mahai inguruak, besteak beste. Auzoak biltzeko eta aisialdirako gune bat behar duela aldarrika-tzen dute eta egun horrelakorik ez dagoela.
Hain zuzen ere, beste herritarrekin eta umeekin egiten dituzten jarduerak direla eta, pertsona horien segurtasuna ezin dutela bermatu eta horregatik eten egin behar dituztela horrelako ekintzak dio Udalak pasa den astean onartutako aginduak. Eraikinean publikoari zabaldutako jarduerak egitea debekatuta dagoela dioten kartelak jartzeko agindu zion Udaltzaingoari. - A.Z.
Más en Donostia
-
Las altas temperaturas llenan la playa de Donostia
-
La calle San Juan de Donostia vuelve a ser peatonal el martes tras las obras en la calle Aldamar
-
El Concurso de Fuegos Artificiales de Donostia celebra su 60 aniversario por todo lo alto
-
Donostia animará al turista a descubrir otros lugares de Gipuzkoa y Euskadi