donostia - Artisauak izan ziren atzo Elkano kaleko protagonistak. 20 postu baino gehiago egon ziren bertan, tradizioak eta modernitateak nahastutako giroan. Iñaki Agirrezabalaga azpeitiarrak 35 urte daramatza otarrak egiten ogibide gisa: zortzi urte zituela amari laguntzen hasi zen. San Tomas feriara etortzen hamabost urte inguru daramatza, oso gustura gainera. Postuaren ondoan txoko bat utzi zuen umeei otarrak egiten erakusteko. Hurrengo urterako erronka gisa planteatu zuen Donostiako Udalarekin hitz egin eta aspaldi egiten zuen eta umeek hain gustuko zuten ikastaroa berreskuratzea.
Dunixek Dunixe Bitxiak izenpean jarri zuen atzo hirugarren aldiz bere artisautza postua. Arrasatear gazte honek bitxiak eta oihalekin landutako poltsoak saltzen ditu, eta esan zuen “oso emaitza onak ematen dituen feria” dela San Tomasekoa.
Aurten, azken urteetan bezala, tradizionalagoak diren postuak nahastu egin dira jende gazteak sortutako postu berriekin. Postu berritzaile horietako batean zegoen Norarte markaren sortzaile den Nora, Dunixeren antzera bitxiak saltzen dituen neska gaztea eta Donostiako Egia auzoan tailerra duena.
Iñaki bezala, tradizionalagoen artean izango genituzke Jose Ramon eta bere emaztea, hirugarren aldiz Altsasutik etorriak, eguzkilore lehorrak eta eguzkiloreak landatzeko haziak saltzen. Gustu eta mota guztietako salmentak ikusten dira feria honetan urtero, baina saltzaile denak bat datoz ideia batekin: salmenta egun luze baten ondoren pozik bueltatzen dira etxera. - I. Gil