Síguenos en redes sociales:

Urrezko lana 100 urtez eta beti Donostiatik

Eusko Ikaskuntzak hiriaren Urrezko Domina jaso du mendeurren ospakizunekin bat eginez

Urrezko lana 100 urtez eta beti Donostiatik

donostia - “Gure fruiturik onenak eman eta munduan zabaldu ditugu, beti Donostiatik”. Hiriko Urrezko Domina jaso zuen atzo arratsaldean Eusko Ikaskuntzak Donostiako osoko bilkuren aretoan eta elkarteak hiriarekin duen harreman berezia nabarmendu zuen Iñaki Dorronsoro elkarteko presidenteak.

Mendeurrena ospatzen ari da egunotan erakundea eta Donostiako Udalak sari honen bitartez “mende osoan zehar euskal kultura gara-tzeko egindako lana aitortu, estimatu eta eskertu” nahi izan dio. “Lan izugarria egin du mende osoan zehar kultura unibertsala Euskal Herrira hurbiltzeko. Ekarpen berebizikoa egin dio euskal kulturari, eta gaurko Euskal Herria ulertzeko oinarri sendoak ezarri ditu urte hauetan guztietan”, nabarmendu zuen Eneko Goia alkateak.

Txistulari bandak egin zien atzo ongietorria Eusko Ikaskuntzako ordezkariei eta ekitaldira bertaratutako ordezkari politiko, kultur eragile, bazkide, aurretik saritutako eta gainerako lagunei. Txistularien lekukoa Donostiako Orfeoiko lagunek hartu zuten. Itziar Aldun-tzin kazetariak gidatutako saioan, Eusko Ikaskuntzako ibilbidea laburtu zuen bideo bat eskaini ondoren alkateak hartu zuen hitza. 1918an Oñatin antolatu zen kongresutik abiatuta, urte hauetako errepasoa egin zuen. Egoitza Donostian izateaz gain, urte hauetan guztietan hainbat donostiar ospetsuk hartu dutela parte nabarmendu zuen, Migel Muñoa eta Elbira Zipitria tartean. Hain zuzen ere, ikastolen sorreran eta euskal unibertsitatearen sorreran egindako lana aitortu zion atzo Goiak Eusko Ikaskuntzari, baita Euskaltzaindia beraren sorrera ere.

Ordutik 100 urte igarota, “euskal lurralde guztietan hedatuta dagoen diziplinarteko erakunde bakarra da”, esan zuen Goiak. Eta gaur, “1918an bezala, gizarte-erronka estrategikoen azterketa eta hausnarketa bultzatu eta erantzun berritzaileak ematen saiatu” behar du, amaitu berri den Geroa Elkar-Ekin kongresuan adostu moduan.

Goiaren ondoren, Anjel Mari Peñagarikanok hartu zuen hitza eta hark egin zuen saria jaso aurreko glosa, bertsotan. “Gaur harro egon leike Donosti ta berdin Euskal Herria”, hasi zen. “Garai zail eta txarretan ere aurrera egin du beti”, jarraitu zuen, eta hasieratik “gure kulturan indar hauspoa” izan dela esan zuen. Hala, domina ematea “erabat beharrezkoa” zela gaineratu zuen: “Aitor dezagun zure jarduna dala egiz urrezkoa”.

Txistu doinuen laguntzarekin jarri zion Urrezko Domina soinean Goiak Iñaki Dorronsorori eta hiriaren urrezko liburuan sinatu eta ohorezko aurreskuaren ondoren zuzendu zitzaien Dorronsoro bera bertaratutakoei. Eskerrak eman zituen aurrena, eta Donostian egoitza ezartzea nafarrek proposatu zutela gogoratu zuen 1918 hartan. Bazkide sortzaile izatea erabaki zuen lehen erakundeetakoa izan zen Donostiako Udala. Elkarteak hiriarekin duen harremanari buruz aritu zen batez ere bere hitzaldian. “100 urtez Donostia izan da, gaur egun ere bada eta etorkizunean izango da Eusko Ikaskuntzak lan egiteko eta gure herriaren garapenean lagun-tzeko aukeratutako tokia. Eskerrik asko Donostiako herria”, bukatu zuen Dorronsorok.

Txalo artean eta, hasi bezala, bukatu ere Donostiako Orfeoiaren ahotsekin bukatu zen atzoko ekitaldia.