Síguenos en redes sociales:

Izen-emate epea zabalik Kontadoresen udazkeneko zein neguko laborategi artistikoetan

Kontadoresek gazteei zuzendutako 8 laborategi artistiko programatu ditu azaroaren 8tik aurrera. Hainbat diziplinen artean, argazkigintza, sukaldaritza eta zirkuarekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira

Donostia- Kontadoresek hainbat ikastaro programatu ditu, 2018ko azaroa eta 2019ko otsaila bitartean. Guztira 152 plaza eskainiko dira, 8 laborategi artistikoetan banaturik. Gazteen interesak, beharrak eta zaletasunak oinarri harturik osatu da Kontadoreseko laborategi proposamena. Eta, gainera, euren poltsikora egokitutako prezioekin. Laborategi hauen helburua da, gai zehatzen inguruko prestakuntza emateaz gain, gazteen arteko harremanak sustatzea, eta dinamika bereziak sortzea. Hain justu, berezitasun horrek egiten du eskaintza benetan erakargarria eta berezia gazteentzat. Aurtengo eskaintza sortzeko, batik bat, ondorengo irizpideak hartu dira kontuan:

Kontadoreseko ohiko erabiltzaileekin eta partaideekin batera sortzea. Erabiltzaileekin egindako harreman horri esker sortu dira errebelatze analogikoari buruzko laborategiaren edizio berriak.

Aurreko ikasturtean arrakastatsuak izan ziren hainbat laborategiren jarraipena ahalbidetzea. Batik bat, publiko gazte zabalaren interesak kontuan hartu dira, eta Kontadoresera ahalik eta gazte gehien erakartzea dute helburu. Testuinguru horretan programatu dira gastronomiari buruzko hainbat proposamen berri. Horrez gain, aurtengo ikasturtean, +16 urtetik aurrerakoei zuzenduriko laborategia jarri da martxan, zehazki, dantza urbanoari buruzkoa.

Hemengo artista eta eragile gazteek egindako proposamen berritzaileei lekua egitea. Zentzu horretan programatu dira bitxigintza laborategia eta zirku laborategia.

Oro har, gazteei espresuki zuzenduriko ikastaroak dira, 18-30 urte bitartekoei, hain zuzen ere. Lehentasuna izango dute Donostian erroldaturik dauden gazteak. Laborategien eskaintza aurretik aipatutako adin tarteari zuzendurik badago ere, 18 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, euren partaidetzaren egokitasuna balioztatuz gero, eta plaza libreak egonez gero.

Dantza urbanoaren kasuan, 16-25 urte bitartekoei zuzenduriko eta egokituriko ikastaroa dela azpimarra daiteke. Laborategi honen helburua da publiko gazteagoa erakartzea, Kontadoreseko espazioan euren lehen esperientzia izan dezaten.