dONOSTIA - Neguan ere bizikleta erabiltzeko kanpaina abiatu du Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak. Urtaro honetan erabiltzaile kopurua txikiagoa izaten da eta hori handitzea da helburua.
Horretarako, aholku batzuk zabalduko ditu Udalak kanpaina honen baitan, erabiltzaileak seguruago eta erosoago joan daitezen hotza eta euria egiten duen egunetan.
Hasteko, eguraldi horretarako arropa aproposa eramatea gomendatzen dute, oinetako eta jantzi iragazgaitzak, batez ere. Burutik oinetaraino babestea gomendatzen dute. Bizikleta ere babestu behar dela aipatzen du Udalak eta leku itxietan gorde-tzea komeni dela: gurpiletan lohi-babesak jarrita, urak ez du txirrindularia zipriztinduko.
Eguraldi kaskarrarekin gidaria ikusgarri egin behar dela gogoratu du Udalak, aurreko eta atzeko argiak jarrita eta jantzi islatzaileekin. Urte osoan bezala, neguan ere bidegorritik joatea gomendatzen du, ahal bada, eta bizikletaren gurpilen presioa zaintzea. Arretaz gidatzea komeni dela ere aipatzen dute kanpainan banatuko dituzten orriek eta kontuz ibiltzea aholkatzen dute zoru irristakorrarekin, euria ari badu. Urte osoan bezala, espaloitik ezin dela bizikletan ibili gogoratzen dute, eta zirkulazio arauak bete behar direla (semaforoak errespetatuz).
Azkenik, erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea ere gomendatzen du Udalak martxora arte luzatuko den kanpaina honen bidez. - N.G.