donostia - Udal Gobernuak behin betiko onarpena eman zion atzo Martuteneko zubi berria eraiki-tzeko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze prozedurari. Presazkotzat jo zuten tramitea interes orokorraren izenean eta horretara milioi bat euro bideratuko ditu Udalak.
Zegokion alegazio epea amaitu ondoren, Urumean aurreikusten diren obren eragina jasoko duten titular, ondare eta eskubideen zerrenda onartu zuen Udalak. Lurren jabetza lortuta, Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziaren eskuetan jarriko ditu, ibaia zabaltzeko eta zubia aldatzeko lanak egin ahal izateko, beti ere, uholdeen arriskua murrizteko asmoarekin. Hori baino lehen, dena den, Udalak berak eraispen batzuk egingo ditu.
Atzo lurrak erosteko onartutako milioia kontuan hartuta, guztira 5,5 milioi euro inbertituko ditu Udalak proiektu honetan. Beste lau ekaitz tankeak egiteko erabiliko dituzte.
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak prozesua oso une garrantzitsuan dagoela gogoratu zuen. “Eraispenekin eta ondoren egingo den zubiaren ordezkapena eta ibaiaren zabalkundearekin Martutene berria irudikatzen hasiko da eta ibaia mehatxu gisa ikustetik, aukera gisa ikusten hasiko dira bizilagunak”, esan zuen. - N.G.