Euskarazko hitzak museora
Urgulleko Historiaren Etxeak pasa den mendeko turismoa ezagutu zuten donostiarren testigantzak jaso ditu; ‘Ahotsak’ proiektuaren materialarekin beste bi bideo ere eskaintzen ditu San Telmo museoak
Bideoa Ahotsak ekimenaren baitan bildutako lekukotzekin osatu du San Telmo museoak eta jada ikusgai eta entzungai dago Urgulleko Historiaren Etxean. Beste bi bideo ere osatu dituzte, bizitzako erritualei buruzko eta aurrerapen teknologikoei buruzko hitzekin. Kasu horietan, donostiarrek ez ezik beste herrietako pertsonek ere hitz egiten dute eta biak San Telmo museoko erakusketa iraunkorrean txertatu dituzte.
Bideo hauekin alde batetik gure herriaren ondare ez materiala jaso eta, bestetik, euskararen tokian tokiko berezitasunak gorde nahi ditu Ahotsak ekimenak. Bi helburuak bat datoz San Telmo museoaren jarduerarekin eta hori dela eta erabaki zuten Badihardugu elkartearekin batera lan egitea eta bideo hauek zabaltzea, Nerea Txapartegi Udaleko Euskara eta Kulturako arduradunak atzo azaldu zuenez.
Urgulleko Historiaren Etxean garbi zegoen hiriari buruzko testigan-tzak bildu behar zituztela. Hala, zazpi minutuko emanaldian garai batean hondartza bertan izanda ere antiguotar gutxi joaten zela konta-tzen digu Imanol Larrea auzotarrak: “Hemen batzuk ez dakite ezta igeri egiten ere, gezurra badirudi ere”. Orduan, “bainatzen zen jendea aberatsa zen”, gaineratzen du Parte Zaharreko Maritxu Olabiagak. Hark kontatzen dio entzuleari, baita ere, garai hartan baineruak edo bainerak zeudela, bainatzen zihoanari toalla eusten ziotenak bestea uretan sartzean. Aieteko Pedro Mari Illarretak ere bainadore bat oparitu ziotela eta multa bat jarri ziotela gogora-tzen du bideoan, “porque marca mucho”, esan omen zion guardak.
Ahotsak proiektuak guztira 140 donostiarren lekukotzak jaso ditu eta horietako batzuk dira San Telmok osatutako bideoetan agertzen direnak. “Guk difusioan lagunduko diegu; orain arte Badihardugu taldeak askotan itzaletan egin du lana”, azaldu zuen San Telmoko arduradun Susana Sotok. Gure herriko ondare inmateriala jasotzea eta euskararen berezitasunak agertzea museoaren ardatzak direla gaineratu zuen eta Agurtzane Garai teknikariak esan zuenez, horregatik erabaki zuten bideoak erakusketa iraunkorrean txertatzea, erakusketa bera aberasten baitute.
‘Baga, biga, higa’
Bideoak eskaintzeaz gain, jarduera bereziak antolatu ditu San Telmok haien inguruan. Hilaren 11an eta azaroaren 15ean Baga, biga, higa familientzako tailerrak antolatuko dituzte: testigantzetan entzundakoa landuko dute haur eta helduen arteko transmisioa indartzeko eta Euskal Herriko abesti eta jolas tradizionalak erakutsiko dizkiete gaztetxoei. Gainera, eskoletako ikasleentzat ere jarduera bereziak prestatu dituzte.
Más en Donostia
-
El PSE se desmarca del PNV y aprueba nueve medidas propuestas por EH Bildu para hacer frente a la crisis habitacional de Donostia
-
Auditz Akular, una pieza que se recupera para el puzzle de la vivienda en Donostia
-
El 100% de los 1.700 pisos de Cuarteles de Loiola serán de promoción pública
-
Donostia debatirá este viernes sobre la vivienda en un Pleno Extraordinario