donostia - Antzerkia, bertsoak, musika eta inprobisazioa. Guztia, XIX. mende bukaerako Donostian girotua. Hori izango da gaur gaueko eskain-tza Konstituzio plazan, bertsotrama berezia prestatu baitute Pepe Artolaren bizitzari buruz.

“Bertso saio bat da, inprobisatua, baina bertsolariok beti pertsonaia bera gara eta gidoi bat dago, istorio bat kontatzen dugu, hasiera, korapilo eta bukaera batekin”, azaldu du Jon Maia bertsolariak. “Pertsonaia lan-tzeko aukera ere ematen dizu”, gaineratu du. Gaur gauean taula gainean Andoni Egaña, Uxue Alberdi eta Igor Elortza izango ditu lagun.

Josu Goikoetxeak prestatu du gidoia eta trama, Pepe Artola benetako pertsonaiaren inguruan. Beste hirurak, berriz, asmatutakoak dira. An-tzerki txikiak idazten zituen Artolak garai hartako Donostian eta idazle horien giroa islatuko dute.

Gainera, gaurko bertsotramak zuzeneko musika ere izango du. Piano bat igoko dute taulara eta Xabi Lizaso istorioa girotzen saiatuko da. Berak ere egingo du salto orduko Donostiara eta batez ere Sarriegiren piezak joko ditu.

Duela hamabost urte hasi ziren bertsolari batzuk horrelako tramak muntatzen eta erantzuna oso ona izaten da normalean. Saio arrunt batetik haratago doaz eta jendea bertsolaritzara hurbiltzeko beste modu bat ere badela uste du Lizasok. “Bertsolaritza txisteak egitea baino askoz gehiago da duela urte asko”, gaineratu zuen.

Tramari buruz, hori bai, ez dute gehiegi aurreratu, Maiak berak eta gainerako bertsolariek pistarik izan ez dezaten. Emanaldia 23.30ean hasiko da. - A.Z.