donostia - Aste Nagusiko lehen parranden eszenario bihurtu dira Kursaaleko terrazak gaztetxo askorentzat. Garai batean Paseo Berriko berbenetan bezala, oraingo nerabeak DJen saioen inguruan biltzen dira festetako gauak barrutik bizitzeko.

Gauero festa suak bukatu eta berehala hasten da Kursaal inguruan, 23.15ean. DJen danbatekoek hartzen dute eztanden lekukoa. Ia hiru orduko saioa dute aurretik. Orain arte, Alex del Toro, Nico Orlando, Mr. Party eta Carol Marinen musika eskaintzarekin gozatu dute gazteek eta gaur Urban 13ren txanda izango da.

Parez pare milaka gazte dituzte DJek egun hauetan. Dantza egiteko gogoz, entregatuta dauden gaztetxoek ez dute aukera galtzen eta inguruak diskoteka handi baten itxura hartzen du berehala.

20 urtetik beherako gaztetxo askorentzat Aste Nagusiko ikur bihurtu dira Kursaaleko gauak. Hortik gorakoek, aldiz, beste gune batzuk bila-tzen dituzte. Sagueseko kontzertuak eta txosnak, Parte Zaharreko tabernak edo Piraten La Flamenka gunea dira parrandetako gune nagusiak gaur egun. Badago non aukeratu.- N.G.