donostia - Donostiako Udalak altxaldi frankistan eta ondorengo urteetan exekutatu zituzten pertsonak omentzeko ekitaldia egingo du bihar, eguerdiko 12.00etan. Goikoa Jauregiaren aldamenean jarriko den Dual lanaren bitartez, donostiar horiek oroi-tzea eta merezi duten aitortza eskaintzea da udal Gobernuaren helburua.
"Urteetan zehar ahaztuak izan diren pertsona horien oroimena berreskuratzeko, oroimen historikoari loturiko lan lerroa" landu behar dela nabarmendu zuen atzo Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek. "Izan ere, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginarekin, ahaztuak, isilduak edo gutxietsiak izan direnen iraganaz ulertu ahal izango ditugu gaur eguneko desoreka asko".
Alkateak udaletxeko udalbatza aretoan hartuko ditu exekutatuak izan ziren pertsonen senideak, oroimen historikoaren arloko elkarteak eta gainontzeko gonbidatuak. Ondoren, musika ekitaldi labur bat eta garai hartako une lazgarriak islatuko dituen ikus-entzunezko emanaldia ikusi ahal izango dituzte gonbidatuek.
Udaletxetik Goikoa jauregiaren pareraino, txistulariek lagunduta, egingo dute gero bidea omenaldian parte hartuko duten ordezkari eta senitartekoek. Han lore eskaintza egin eta eskultura agerian utziko dute.
Dual eskulturak, Amaia Mateosek eta Tomas Villanuevak egindako lanak, lehenengo saria jaso zuen Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak frankismoko biktimak omentzeko antolatu zuen ideien lehiaketan. Korten altzairuz eta polikarbonatoz egindako lana da eta fusilatutako pertsonak oroitzeko 400 zulo dauzka. - N.G.