donostia - Altzako hainbat elkartek orain arte Udalak barrutiaren alde egindako lana ez dela nahikoa eta lantalde iraunkor bat sortzea erabaki dute, altzatarrok nahi duten barrutia definitzeko eta prozesu horretan aurrera egiteko.
2011. urtean sortu zen Udalean barruti hori eratzeko batzordea baina orain arte adostasunik ez dute lortu udal ordezkariek. Talde bakoi-tzak bere proposamena aurkeztu du azken hilabeteotan. PSE-EE eta PP hiri osoa lau barrutietan zatitzearen aldekoak dira; EAJk Altzako barruti handi bat nahi du, Bidebieta eta Intxaurrondorekin eta Bilduren proposamenean Altza eta Bidebieta hartuko lituzke barrutiak, baina ez Intxaurrondo.
Barrutiaren alde elkartutako herritarrentzat, dena den, proposamen horiek oso urrun daude eta Udalari erabakiak hartzen hasteko eskatu zioten atzo egindako agerraldian. Horregatik erabaki dute haien proposamena gauzatzea gero Udalari aurkezteko. Lau oinarri izango dituzte: izena Altza izango da, Altza historikoaren eremua izango du, "era antidemokratikoan gauzatutako anexioaren" aitortza jasoko du eta pisuzko eskumenak izango ditu benetan eraginkorra izateko.
Gainera, herritarren artean barrutiaren aldeko kanpaina egingo dutela iragarri zuten, eztabaida-mahai, triptiko, hitzaldi eta esku-orrien moduko baliabideak erabiliz. - N.G.