Liburu zaharren lehen eta azken denda
Hilabete batzuk arituko dira oraindik lanean eta ondoren haien ilobak erabiliko du lokala. Liburuak saltzen jarraituko du, baina liburu berriak, egunkari eta aldizkariekin batera, kiosko modura. Saiatu omen dira iloba konbentzitzen liburu zaharrekin jarrai dezan: "Baina gehiegi ere ez diogu insistitu...".
Negozioa azken urteotan asko aldatu dela onartu dute Arbelaiz ahizpek eta gaur egun oso gutxi dira Manterola kaleko dendara sartzen direnak liburu zaharren bila. "Gure bezero askok nahi dituzten liburu denak badauzkate dagoeneko eta beste batzuk hiltzen joan dira", azaldu du Mari Lolik. Izan ere, gazteen artean ez da ohikoena liburu zaharrekiko zaletasuna: "Hartzean bai, eskuekin hartu eta usaintzean konturatzen dira liburu zaharrek duten bizitasunaz".
Liburu zaharrak orokorrean eta bereziki euskal gaien ingurukoak izan dituzte salgai urte hauetan guztietan Manterolan. Garai batean atzerrira bidaia asko egiten zituztela gogoratu du Mari Lolik, liburuen bila. Kolekzio pribatuak ere erosten zituzten. Horiek ziren liburuak lor-tzeko bide nagusiak.
"Pena ematen die"
Hilabete hauetan dendan dauzkatenak saltzen saiatuko dira. Altxor txiki asko dituzte apaletan. Horien artean, Holandako historia bat erakutsi du Mari Lolik, 1702. urtean idatzita eta bi liburusketan. Balioa dauka batez ere oso ondo kontserbatu delako: "Tapak ere originalak dira".
Garaia eta kontserbazioaz gain, gaiak dira liburu batzuk berezi egiten dituztenak. Historiari edo erlijioari buruz milaka liburu idatzi dituzte, baina beste gai batzuei buruzkoak arraroagoak dira eta horrek ematen die balioa.
Orain arte horrelakoak bilatzen zituztenak Manterolara joaten ziren eta hori itxita, Donostian liburu zaharrak topatzeko aukerarik gabe geratuko dira. "Kanpora joan beharko dute", iragarri du dendariak. "Ohiko bezeroek esan digute pena ematen diela, baina niri pena ez dit ematen, guk egin dugu jada gurea", gaineratu du.
Izan ere, ia 60 urte pasa dituzte mostradorearen atzean. Aita izan zen negozioa zabaldu zuena 1955.ean eta ondoren Mari Loli eta beste ahizpa bat aritu ziren lanean. Ahizpa hori ezkondu eta Maria Luisak hartu zuen haren lekua Manterolan. Azken urteotan, jubilatutako Juanjo anaiak ere lagun-tzen die. Bizitza osoko lanaren ondoren, Arbelaiz ahizpei deskantsatzeko garaia heldu zaie. Donostiarrek faltan botako dute Manterolako liburu zaharren usaina.