donostia. Donostia Turismoak ihesaldi erromantikoak antolatu ditu bigarren urtez. Hala, otsailaren 8tik 10era eta 15etik 17ra hirian bi gau pasatzeko paketea jarri du salgai, afari berezi batekin: Aquariumean, tiburoien ondoan; edo San Telmo museoaren barruan. Guztia, 130 eurotik (pertsona bakoitzeko edo aukeratutako hotelaren arabera).

Otsaila hilabete okerrenetakoa izan ohi da turismoarentzat eta hori dela eta erabaki zuen iaz Donostia Turismoak pakete berezi hauek eskaintzea, jendea erakar-tzeko asmoarekin. Iaz emaitza ona izan zen eta 30 bat pertsona etorri ziren San Valentin egunaren asteburuan. Horregatik, aurten esperientzia errepikatu eta eskaintza bi asteburutarako egitea pentsatu dute.

Bisitariak prezio desberdineko hamahiru hotelen artean aukeratu dezake gauak non pasa; baina ihesaldi honetako berezitasuna afariak dira. Iaz bezala, lehen asteburuan Aquariumean jarriko dituzte mahaiak, tiburoien ondoan afaldu ahal izateko. Eta berrikuntza moduan, bigarren asteburuan beste leku berezi bat aukeratu dute: San Telmo museoa. Bi kasuetan, Bokado jatetxeko arduradunek prestatuko dute menua (itxia da). Gainera, bisitariek ez ezik, bertakoek ere izango dute aukera afari berezi horiek erreserbatzeko, pertsona bakoitzeko 55 euro ordainduta.

menu berezia Menu berezia prestatu dutela azaldu zuen atzoko aurkezpenean Bokadoko sukaldari den Mikel Santamariak, baina janariaz gain, afaria berezia egiteko lekuak ere duen garrantzia azpimarratu zuen. "Hiri bateko janaria eta gastronomia garrantzitsua dira, baina ez dira gauza bakarra", esan zuen. Zentzu horretan, San Telmoko zuzendari Karmele Barandiaranek turismoa kulturarekin lotzeko beharra ere nabarmendu zuen, Aquariumeko Vicente Zaragüetak bezala.

"Ez dira izugarrizko emaitzak lortuko pakete hauekin, baina helburua hiriaren posizionamendua da", azaldu zuen Josu Ruiz zinegotziak. Ildo horretan, urtean zehar eskaintzen dituzten paketeen artean bikoteentzat pentsatutakoek emaitza onenak lortu dituztela nabarmendu zuen Manu Narváez Donostia Turismoko arduradunak (kasu horretan, bi gau eta La Perlan talasoterapiarako sarrera eta afaria eskaintzen dira). Bestalde, Miamiko (Estatu Batuak) egunkari batean mundu osoko bost hiri erromantikoetako gastronomia aukeratu eta San Frantzisko, Paris, Estanbul eta Fezekin batera Donostia aukeratu dutela ere esan zuen. Horrek esan nahi du sektorean bere lekua lor-tzen ari dela Gipuzkoako hiriburua hiri erromantiko gisa.

Gainera, beste akordio baten berri ere eman zuen atzo Narváezek: ihesaldi hauek erosten dituztenek prezio bereziak izango dituzte trenean baldin badatoz Renfekin sinatutako akordio baten ondoren. Paketea erosten dutenak, adibidez, Madriletik 22 eurogatik etor daitezke.