MENDEURRENA betetzen da aurten Raimundo Sarriegi hil zela eta, data hori gogoan izanda eta San Sebastian Egun handiaren bezperan, webgune berri bat sortu du Eresbilek, musikaren euskal artxiboak. Web orrian Sarriegiren bizitza eta lanari buruzkoak kontsulta daitezke. Baina, dudarik gabe, altxorrik garrantzitsuenak guztien eskura jarri dituzten partitura eta grabazioak dira.

Jon Bagues Eresbilgo zuzendariak atzoko aurkezpenean agertu zuenez, audiorik bitxienetakoa 1924. urtekoa da. San Sebastian Martxa interpretatzen du Donostiako Columbia bandak, Secundino Esnaolaren zuzendaritzapean. Grabaziorik zaharrenetakoa da hori, eta webgunean entzun daiteke. Hori baino hamar urte lehenagoko Juana Bixenta Olabe lanaren grabazio bat ere entzun daiteke helbide elektroniko honetan.

Horrez gaiz, guztira 95 partitura jarri dituzte Interneten. Generoarengatik bilatu daitezke webgunean eta kronologikoki ordenatuta daude. Danborradako ohiko abestiez gain, inauterietarako sortutakoak ere badaude, txistuarekin jotzeko idatzitakoak edo eszena gainean interpretatzekoak, besteak beste.

Sarriegiren lana kontsultatzeko eta ezagutzeko baliagarria da webgunea, baina Sarriegi bera ezagutzeko ere bai. Hala, autoreari buruzko biografia oso bat agertzen da orrialde elektronikoan, eta garai hartako Donostia deskriba-tzen da. Bestalde, Danborradari buruzko atala dago, festaren hastapenei eta garapenari buruzko azalpenekin. Donostiako XIX. mendeko inauteriei buruzko testu bat ere jaso dute webgunean atal berezi batean, besteak beste.

bizitza eta lana

Danborradari lotuta

Gainera, orri honek Sarriegirekin edo Danborrada eta inauteriekin erlazionatutako beste helbide elektronikoetara jotzeko loturak eskaintzen dizkio erabiltzaileari.

Raimundo Sarriegi autorea Danborradarekin lotzen da normalean, egun horretako soinu banda osoa berea baita eta festari berari ahotsa eta forma jarri baitzion. Baina urtarrilaren 20an entzuten diren sintoniez gain, lan asko eta asko sortu zituen. 1838an jaioa, San Sebastian Martxa 1861. urtean konposatu zuen. Iñudeen konpartsa, Alkate soinua, Atso Zaldieriaren Konpartsa eta Oiloen Zaldieriaren Konpartsa ondoren etorri ziren, baita asteburu honetan behin eta berriz entzungo ditugun Diana, Iriyarena, Retreta eta Tatiago ere.

Kaldereroetarako kantak, Pasayan zarzuela eta Aita Pello opereta idatzi zituen, baita txistu hirukoterako Gran minué ere.

1913. urteko apirilean hil zen Sarriegi, bularreko angina batek jota.