Beteranoen errugbi txapelketa har dezake Donostiak
2015eko nazioarteko lehia antolatzeko hautagaia daSariketa antolatzen dutenekin bilera egin zuten atzo Udalak, Foru Aldundiak eta Bera-Bera taldeak
Donostia. Beteranoen Nazioarteko Errugbi Txapelketa har dezake Donostiak 2015. urtean. Lehiaketa antolatzen duen EGOR elkarteko, Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Bera-Bera taldeko ordezkariak bildu ziren atzo udaletxean gai horri buruz hitz egiteko eta Donostia hiru urte barru jokatuko den sariketa antolatzeko hautagaia dela azaldu zuten.
Bileran EGORen delegazioak ekitaldiak izango lituzkeen beharrak azaldu zituen eta guztia antolatzen tokiko erakundeek zein laguntza eskaini lezaketen zehaztu zuen. Laguntza ez litzateke ekonomikoa izango, azpiegitura, zerbitzu eta aisialdi ekimenez osatua baizik, udal iturriek agertutakoaren arabera.
EGORreko presidente Dave McDonaldek adierazi zuenez, bi urtean behin antolatzen den ekitaldi honen lema Adiskidetasuna, Dibertsioa eta Anaitasuna da. Lehiaketak bere arau propioak ditu eta, horien artean, besteak beste, 65 urtetik gorakoak plaka-tzeko debekua dago eta mugarik gabeko ordezkapenak egiteko aukera ere bai.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hiriak ekitaldia jaso-tzeko duen interesa azaldu zien gainerako ordezkariei atzo goizeko bileran eta hiriak eskaintza erakargarria aurkezteko gaitasuna baduela nabarmendu zuen. "2016an Donostia Europako kultur hiriburua izango da; ekitaldi hau primeran txertatzen da horraino eramango gaituen prozesuan eta EGORreko kideak konbentzitzea espero dut, Donostia egin dezaketen aukeraketarik onena delako", adierazi zuen Juan Karlos Izagirrek.
Ekitaldi hori hirira ekartzeko lanean ari direla ere baieztatu zuen alkateak. Haren esanetan, udal Gobernuaren turismo eta kirol politikarekin bat egiten du Nazioarteko Beteranoen Errugbiko Txapelketak.