Beldurrezko Asteko sarrerekin pakete turistikoak eskainiko ditu Donostiak
emaitza onak lortu dituzte eredu hori erabilita musika hamabostaldian, jazzaldian eta zinemaldian
Donostia. Pakete turistiko berriak eskainiko ditu Donostiak urriaren 27tik azaroaren 2ra ospatuko den Beldurrezko Astearen baitan: inaugurazio edo amaierako ekitaldirako edo beste emanaldi batzuetarako sarrera bat eta bi gau hiriko hainbat hoteletan eskainiko dituzte 100 eurotik hasita (prezioa altuagoa da hotelaren kategoriaren arabera). Gainera, Beldurrezko Astearen programazioarekin eta bestelako informazio erabilgarriarekin poltsa bat ere emango dute opari.
Donostia Turismoak emaitza oso onak lortu dituela horrelako pakete tematikoekin nabarmendu zuen atzo Josu Ruiz zinegotziak. Hala, Musika Hamabostaldiarekin, Jazzaldiarekin eta Zinemaldiarekin egin ondoren, Beldurrezko Astearekin ere sortu dituzte hiru eguneko irtenalditxoetarako paketeok.
Josemi Beltran jaialdi honetako arduradunak agertu zuenez, An-tzoki Zaharreko sesioetan publiko donostiarra nagusi bada ere, badira kanpotik espresuki etortzen direnak azaroaren hasierako zinema jaialdi honetara. Horiei eta bisitari berriei lagungarri izango zaizkiela paketeok adierazi zuen, eta sarrerak lortzea ere erraztuko diela, batzuetan hori hain erraza ez delako izaten.
gaua hirian Gainera, eta kontuan izanda Beldurrezko Astearen sesioak berandu hasi eta amaitzen direla, kanpotik datozenek gaua hirian pasatzeko beharra izaten dutela ere nabarmendu zuen Beltranek.
Manu Narváez Donostia Turismoko arduradunak bost pakete edo proposamen desberdin eskainiko dituztela azaldu zuen eta dagoeneko eskuragarri daudela.